Ondarroak, 'Lekittarrak' eta Mutrikuk ez dute lortu Kontxako bandera lehiatzeko txartela
Ondarroa zortzigarren, 'Lekitarra' bederatzigarren eta Mutriku hogeitabigarren sailkatu dira Kontxako banderaren sailkatze estropadan, gaur arratsaldean.
Donostiarragaz batera, Santurtzi, Hondarribia, Zierbena, Cabo, Orio, Urdaibai eta Ares ariko dira 2021eko Kontxako Bandera lortzeko borrokan datozen bi domeketan. Ondarroa, Lekittarra eta Mutriku kanpoan geratu dira beste behin. Iaz modura gaur ere ondarrutarrak inork nahi ez duen zortzigarren postuan sailkatu dira, Ares zazpigarrenarengandik ia zortzi segundora. Hain zuzen, azken lau urteotan hirutan gertatu zaie hori; 2019an bera izan zen sailkatze estropadako azkarrena.
Itsasoan dantzan.Ipar ekialdeko haizeak eragindako baldintzekin aritu dira arraunlariak. Sufritzen. Teknikoki estropada zaila izan da, zailtasun handiei aurre egin behar izan diete, baina, faboritoek ez dute hutsik egin. Kontxak askotan erakusten duen irudia ikusi da arratsaldean ere; bi estropada eremu zeharo desberdin, badian eta kanpoan. Ziabogan sartu ezinik ibili dira asko eta asko.
Iñigo Larrinaga (Ondarroa Arraun Taldeko patroia): “Denoi tokatu zaigu itsaso berdina, eta alde horretatik ez dago aitzakirik. Agian guk ez dugu igarri normalean igartzen duguna edo egiten duguna”
Urte guztian gogor lan egin ondoren, “penaz” daudela esan du Iñaki Errasti Ondarroaren entrenatzaileak. Sentsazio “deserosoak” eduki dituztela aipatu du. Errastik zein Iñigo Larrinaga Ondarroako patroiak esan dute ez dutela uste estropada txarra egin dutenik. «Frantziatik haize gogorra zetorren, eta istriborrak lan asko egin behar izan du, eta barrurakoan ababorrak. Lan asko egin behar zen. Baina denoi tokatu zaigu itsaso berdina, eta alde horretatik ez dago aitzakirik. Agian guk ez dugu igarri normalean igartzen duguna edo egiten duguna”, azaldu du Larrinagak.
Lekittarrakoek gaurko estropadagaz amaitu dute denboraldia. Iñaki Goikoetxea patroi lekeitiarrak esan du ligan aritu diren antzera sailkatu direla: “Ez dugu estropada txarra egin. Gutxi gorabehera udan ibili garen postu horretan egin dugu. Arraun egiteko gaitza egon da, baina estropada nahikoa dezentea egin dugula iruditu zaigu. Baina ez da izan nahikoa. Denontzat egon da berdina, eta ahal izan dena egin da”.
24 traineruren artean erabaki behar zen gaurko estropada, baina Castron arraunlari batek COVID-19an positibo eman duenez, klub kantabriarrak ezin izan du Donostian egon.
SAILKAPENA:
- 1.- Santurtzi: 20.23,68
- 2.- Hondarribia: 20.29,54 (+5,86)
- 3.- Zierbena: 20.31,98 (+8,30)
- 4.- Cabo: 20.43,22 (+19,54)
- 5.- Orio: 20.44,38 (+20,70)
- 6.- Bermeo Urdaibai: 20.45,20 (+21,52)
- 7.- Ares: 20.47,34 (+23,66)
- 8.- Ondarroa: 20:54,74 (+31,06)
- 9.- Lekittarra: 20.56,88 (+33,20)
- 10.- Getaria: 21.01,08 (+37,40)
- 11.- San Juan: 21.06,02 (+42,34)
- 12.- Kaiku: 21.14,14 (+50,46)
- 13.- Zarautz: 21.16,30 (+52,62)
- 14.- Tiran: 21.22,00 (+58,32)
- 15.- Pedreña: 21.26,40 (+1.02,72)
- 16.- San Pedro: 21,26,66 (+1.02,98)
- 17.- Arkote: 21.31,08 (+1.07,40)
- 18.- Zumaia: 21.50,44 (+1.26,76)
- 19.- Deustu-Bilbao: 21.54,02 (+1.30,34)
- 20.- Lapurdi: 22.17,06 (+1.53,38)
- 21.- Camargo: 22.29,04 (+2.05,36)
- 22.- Mutriku: 22.41,16 (+2.17,48)
- 23.- Hibaika: 23.21,06 (+2.57,38)