Auzo taxi zerbitzua martxan daukate Ispasterren
Aste honetan ipini dute martxan zerbitzua. Eskaera egiteko udaletxera joan behar dute herritarrek, eta bertan jasoko dute txartela.
Biztanleei mugikortasuna erraztu eta mugikortasun arazoei irtenbidea eman asmoz, auzo taxi zerbitzua martxan ipini dute aste honetan Ispasterren. Irailaren 1ean (eguaztena) hasi ziren zerbitzua eskaintzen.
Ispasterren erroldatuta dauden 65 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Gidabaimena edo norbere kotxerik ez edukitzea edo ibilgailu izanda ere, bere erabilerako autonomiarik ez izatea da eskaera egiteko baldintzetako bat. Era berean, medikuak edo gizarte langileak egindako ziurtagiri bidez menpekotasunen bat edota mugikortasun arazoak dauzkatela ziurtatzen dutenek ere erabili dezakete. 65 urtetik beherakoek ere medikuaren edo gizarte langilearen txostena erakutsiz gero, erabili ahal dute.
Auzoetakoak herrigunera jaitsi eta medikuaren kontsultategira, botikara edota ikastaroetarako joateko erabili daiteke, bai eta Lekeitiora joateko ere, beti ere, “udalerrian ez dagoen zerbitzuren bat jasotzeko” joan-etorriak badira, banketxera joateko, adibidez. “Auzo batzuetatik ez da Bizkaibusa pasatzen, eta horietako bizilagunak herrigunera Bizkaibusa hartzera hurbiltzeko ere erabili ahal dute”, zehaztu du GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispaterko alkateak.
08:00etatik 20:00etara eskaintzen dute zerbitzua, eta erabiltzaileek bidaiako bi euro ordaindu behar dituzte. Erabiltzaile izan nahi dutenek udaletxera hurbildu behar dute eta izena eman. Bertan txartela jasoko dute, bai eta zerbitzuari buruzko informazio guztia ere.
Oraindik eskaerarik jaso ez badute ere, herritarrek interesa agertu dutela adierazi du alkateak, “jendea udalera deitzen ari da informazioa eskatuz”.
Hiri Adeitsua. Herritarren eskariari erantzunez erabaki dute zerbitzua ezartzea. Izan ere, Ispasterren 2017an hasi ziren Hiri Adeitsua proiektuagaz, eta bertatik jaso zuten proposamena: “Diagnostikoan irten zen ideia. Diagnostikoaren ostean ekintza plana egin genuen. Auzoetan bizi diren batzuek herrigunera jaisteko arazoak zituztela ikusi zen, bai eta Lekeitioko osasun zentrora goizeko lehen orduan analisiak egitera joateko ere, lehen Bizkaibusa 08:40ak aldera pasatzen baita hemendik. Arazo horiek ikusita pentsatu genuen irtenbide modura auzo taxi zerbitzua sortzea”.
Herriarentzat zerbitzu honek daukan garrantzia azpimarratu du alkateak: “Senitartekoren bategaz edo inguruko baserrikoagaz halako joan-etorriak egitera ohituta dago jendea. Horrek ere garrantzitsua dauka, eta lankidetza hori ez da galdu behar, baina badira halako aukerarik edo baliabiderik ez daukatenak”.