Udalak esan duenez, erantzukizunezko jarrera izan da nagusi Lekeitioko ez jaietan
Lekeitioko Udalak ez jaien balorazioa egin du. Azaldu dutenez, "giro lasaia egon da eta ez da intzidentzia nabarmenik egon".
San Antolin jaiak eta Antzar Eguna izan behar litzatekeen egunetan [irailaren 1etik 5era bitartean] jende pilaketak eta COVIDaren kutsadura saihesteko, segurtasun dispositibo bat eduki du martxan Lekeitioko Udalak. Esan dutenez, dispositibo horrek “arrakasta” eduki du, eta, ondorioz, Lekeition, “intzidentzia gutxiko asteburu batez gozatzeko aukera” egon da: “Giro lasaia egon da eta ez da intzidentzia nabarmenik izan, nahiz eta une jakin batzuetan jende pilaketak sakabanatu egin behar izan diren”.
Udalak azaldu duenez, herriko sarreretan egindako kontrolek “bisitari kopurua mugatu” dute. “Jende pilaketak eta arriskua eragin dezaketen egoerak saihestea lortu da”, esan dute.
Ertzaintza eta Udaltzaingoaren dispositiboa irailaren 1etik 5era egon da indarrean, baina irailaren 3tik 5era bitartean zorrotzagoak izan dira neurriak. Horrela, ibilgailuen sarrera mugatu da: zapatuan [irailak 4] herritarrentzako sarrera egon da bakarrik eta domekan [irailak 5] herriko sarrera itxi dute. Horrez gain, garraio publikoaren zerbitzua eten eta portuko sarrera ere itxi egin dute, bakarrik herriko ontzien sarrerak eta irteerak baimenduz. “Neurri guzti hauek hartzea beharrezkoa izan da, are gehiago kontuan izaten badugu bost mila biztanletik gora duten Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako herrien artean Lekeitio dela COVIDaren intzidentzia tasa altuena duena. Horren aurrean, eta ikusita inguruko herrietako ez jaiek izandako ondorioak, segurtasun neurriak zorrotz betetzen direla ziurtatu duen dispositiboa antolatu da”.
Udalak azaldu duenez, kontroletan lasaitasuna izan da nagusi: “Oso gutxi izan dira bertara hurbildu diren ibilgailuak, gehienak hondartzara joateko helburuagaz, eta horiek beste norabide batetik bideratu dira”.
Bestalde, Ertzaintza eta Udaltzaingoa, egunez eta gauez, herri barruan neurriak betetzen zirela ziurtatzen aritu dela esan dute. “Orokorrean egun lasaiak izan dira nahiz eta intzidentzia gutxi batzuk egon diren, domeka gauean [irailak 5] Ertzaintzaren brigada mugikorrak jende pilaketa eta boteloi bat sakabanatu ditu”. Ordea, aipatu dutenez, ez da osasun arloko esku hartzerik egon.
Lekeitioko Udalak eskerrak eman dizkie erantzukizunezko jarrera erakutsi duten guztiei, “aurtengo ez jaiak arriskurik gabeko testuinguru batean bizi ahal izan direlako”, eta baita ere, osasun egoeraren jakitun Lekeitiora etorri ez direnei ere. “Era berean, esker bereziak eman behar dizkiegu segurtasun dispositiboa betetzen lagundu duten Lekeitioko udaleko udaltzain, trafiko laguntzaileei, udal langileei, Ertzaintza, Babes Zibila, Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza, Osakidetza, Bizkaibus eta Lurraldebus zerbitzuei”.
2022an San Antolin jaiak eta Antzar Eguna “normaltasunez ospatzea” espero duela esan du Lekeitioko Udalak: “Horretarako garrantzitsua da gogoratzea ez jaiak igaro ondoren ere, arduraz jokatzen jarraitzeko beharra dugula”. Bestalde, gaurtik aurrera [irailak 6] ez jaietarako aurreikusita zeuden ikuskizunak berreskuratuko direla jakitera eman dute, ondorengoak, besteak beste: Lowe Band taldearen kontzertua [irailak 6], Idoia Asurmendi eta Eñaut Elorrietaren kontzertua [irailak 10], Ruper Ordorikaren kontzertua [irailak 24], Ondarru-Lekitto lasterketa [irailak 25] eta Lekeitioko Nazioarteko 28. Triatloia [urriak 9].