Euskal Herriko Txapelketa irabazi du Markina-Xemeinek
Joaneko neurketan bezala, hirutik bi partida irabazi zituzten Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolakoek Markina-Xemeingo Unin lehiatu zen finalean.
Bariku arratsaldean [irailak 3] erabaki zen Euskal Herriko Eskola Arteko Txapelketaren finala Markina-Xemeingo Uni frontoian. Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolak Zumaiaren kontra jokatu zuen azken partida, eta Zumaian uztailaren 23an jokatu zuten joaneko neurketan bezala, hirutik bi partida irabazi zituzten Markina-Xemeingoek.
Gazte eta nagusien mailetan nagusitu ziren Markina-Xemeingoak. Gazte mailan Zelaiak eta Atain II.ak 30 eta 12 irabazi zieten Zumaiako Egaña eta Uretari eta nagusien mailan Alex eta Zabala 30 eta 14 nagusitu ziren Eduardo eta Urangaren kontra. Kadete mailan, berriz, Zumaikoentzat izan zen garaipena. Burne eta Maddi Markina-Xemeingo pilotariek 10 eta Zumaiko Woddyk eta Gonzalok 30 egin zuten.
Zelaiak eta Atainek itzelezko partida eskaini zuten. Zelaia oraindik kadetea bada ere, joko ona erakusten ari da, eta beraz, gazte mailan jartzea erabaki zuten Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolakoek. Maila onean aritu zen Zelaia eta baita bere bikote Atain ere. Nagusietan ere berdin; Alex eta Zabala momentu onean daude, asko jokatzen, eta Zumaiko bikotea baino gehiago izan ziren.