Ondarroako San Ignazio kaleko igogailuan konponketak egingo dituzte, "matxurekin amaitzeko"
Gaurtik [irailak 6] hasita, gutxi gorabehera hiru astez igogailua ez da erabilgarri egongo. Udalak dio konponketa sakona egitea "garrantzitsua eta beharrezkoa" dela.
San Ignazio eta KamiƱalde batzen dituen igogailuak urtean edukitzen dituen matxura kopurua kontuan hartuta eta horrek bizilagunei eragiten dizkien kalteak zelakoak izaten diren jakinda, Ondarroako Udalak igogailuan konponketa “sakona” egitea erabaki du. Ondorioz, gaurtik hasita [irailak 6], gutxi gorabehera hiru astez igogailua ez dela erabilgarri egongo esan dute.
Zehaztu dute Orona enpresak igogailuaren makinerian eta sistemetan egingo ditu lanak. “Alde batetik ohiko mantentze lanak egingo dituzte, eta, bestetik, hainbeste matxura sortzen dituzten makineriaren atalak konpondu eta berrituko dituzte”.
Udal ordezkariek esan dutenez San Ignazio kaleko igogailua da herriko igogailurik erabiliena. Eta igogailuak dituen urteak kontuan hartuta, udalak “garrantzizkotzat eta beharrezkotzat” jo du konponketa sakona egitea. “Herritar askok erabiltzen duten igogailua da, hezetasun handiko gune batean dago kokatuta, urteak ere baditu eta gainera sarritan erabilera txarra jasan izan du”. Helburua bizilagunei “zerbitzu on bat ematea” dela esan dute.