Amandarriko kirolariek lehen postuak lortu dituzte Euskadiko Triatloi Sprint Txapelketan
Mikel Arrasate lekeitiarra izan zen bizkorrena Zumaian lehiatu zen triatloian, eta Haritz Garatek bigarren postua lortu zuen. Taldeko garaipena ere lekeitiarrentzat izan zen.
Sekulako emaitzak lortu dituzte Lekeitioko Amandarri Triatloi taldekoek Zumaian ospatu den Euskadiko triatloi sprint txapelketan. Guztira 365 triatletak parte hartu zuten proban eta Mikel Arrasate eta Haritz Garatek lekeitiarrek lehen eta bigarren postuak eskuratu zituzten gizonezkoetan.
Lehia estua egon zen gizonezkoetan. Hasieratik jarri zen lasterketa buruan Amandarri taldeko Mikel Arrasate, eta helmugara sartzen ere bizkorrena izan zen. Atzetik sartu ziren jarraian Haritz Garate taldekidea eta Asier Mujika Tolosaldeko Triatloi Taldekoa.
Taldeka ere irabazleak izan ziren Amandarrikoak. Guztira Amandarriko hamasei triatletak parte hartu zuten Euskadiko txapelketan, eta azpimarratzekoak dira, baita ere, Klaudia Erkiagaren eta Aitor Regillagaren lorpenak. Erkiaga bigarren geratu zen junior mailan eta Regillaga beterano 1. mailako txapelduna izan zen.
Emakumezkoei dagokionez, Helene Alberdi (Yepa! T.K.) izan zen nagusi hasieratik bukaeraraino eta Maddi Marquet (Atletico San Sebastian) eta Olatz Marquet (Atletico San Sebastian) geratu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren.
Horrez gain, Ruben Vliso (Antxintxika Triatloi Taldea) Euskadiko Txapeldun bilakatu zen Sprint Distantziako Triatloian PTWC kategorian.