Barikua da Markina-Xemeingo udalekuen ordainketa itzultzeko eskatzeko azken eguna
Ordaindutako kopuruaren parte proportzionala itzuliko dute. Formulario bat bete behar da eskaera egiteko.
Olgetan udalekuak uztailaren 20an bertan behera geratu ziren Markina-Xemeinen erregistratzen ari ziren positiboen agerraldiagatik, eta uztailaren 30a arteko zerbitzua ezin izan zenez bermatu, umeen kuoten zati proportzionala itzuli egingo da. Barikuan [irailak 10] amaituko da dirua itzultzeko eskaerak egiteko epea.
Markina-Xemeingo Udalak azaldu dutenez, MAXEk ezin dio gastu horri aurre egin eta, horrenbestez, udala egingo da kargu guraso bakoitzari dagokion zenbatekoa itzultzeko. “Udalak diru bat aurreratuko du, aurretik emandako dirulaguntzaz gain, guraso bakoitzari dagokion proportzio hori itzultzeko”. Gogora ekarri dutenez, udalak herriko MAXE elkartearen Olgetan Udalekuak proiektua jaso zuen herriko udalekuak aurrera eramateko, eta 22.000 euro eman zituen proiektua martxan jartzeko.
Eskaera egiteko formularioa bete behar dute gurasoek, eta formulario hori posta elektronikoz bidali ahalko dute komunikazioa@markina-xemein.eus helbide elektronikora. Beste aukera bat formularioa udaletxeko BERTON bulegoan jaso eta bertan entregatzea izango litzateke.
Irailaren 10aren ondoren, behin betiko balantzea egin, eta udalaren sare sozialen bitartez, udalekuen gastu guztiak argitaratuko dituztela jakitera eman dute.