Lea-Artibaiko bi gaztek Uniraid Rally Raid solidarioan parte hartuko dute
2022ko otsailean Marokoko Uniraid Rally Raid solidarioa egingo dute Gorka Albizu munitibartarrak eta Josu Astorkia ziortza-bolibartarrak. Besteak beste, eskola materiala, arropak eta jolasak banatuko dituzte basamortuan.
Elkartasuna eta abentura. Bi osagai horiek dituen erronka daukate esku artean Gorka Albizu munitibartarrak eta Josu Astorkia ziortza-bolibartarrak. “Mundu eskuzabalago baten” aldeko apustuari eutsiz, 2022ko Uniraid Rally Raid solidarioa prestatzen ari dira eskualdeko bi gazteak.
Marokon egiten duten elkartasun proba hori ikasleei bakarrik zuzenduta dago, eta parte hartzeko ezinbestekoa da 20 urtetik gorako autoa izatea, “eta 4X4 ezin daiteke izan”.
Lea-Artibaiko bi gazteek automobilismoa gustuko badute ere, rallyetan ez daukate esperientziarik. Automatizazio eta Robotika Insdustrialean Goi mailako Lanbide Heziketa eginda dauka Astorkiak eta Ingeniaritza Mekatronikoa ikasten ari da orain. Albizu, berriz, Ingeniaritza Informatikoa eta Enpresen Transformazio Digitala egiten ari da. “Kotxe zahar bategaz goaz eta uste dugu abentura bat izango dela. Gogorra izango da, eta ziur gaude egun horietan gauza asko pasatuko zaizkigula. Abentura gustatuz gero, esperientzia interesgarria da, eta gustatzen zaizun gauza bat egiten jendeari lagundu ahal diozu”.
Etxean eduki duten 1979ko Mercedes bategaz egingo dute proba. Ibilgailua prestatzen ari dira
Talde bakoitzak 40 kilo material banatuko ditu zeharkatzen dituzten Marokoko herrixken artean. Arropak, ikasteko materiala, jostailuak… eroango dituzte: “Guk eroango ditugu gauzak. Batez ere bertan laguntza ziurtatuta egoteko modu egokia iruditu zaigulako parte hartuko dugu. Laguntza heldu egiten dela zeure begiekin ikusten duzu. Badakizu zer eroaten duzun, bertako eskoletan umeei eurei eskura ematen diezue materiala”.
1979ko Mercedesa. Etxean eduki duten 1979ko Mercedes bategaz egingo dute proba. Ibilgailua prestatzen ari dira: “Bost urtez egon da geldi, ibili barik. Dena egin behar zaio: kaxa, frenoak, filtro eta likido denak aldatu…Mekanikari batzuen laguntza eduki dugu jada. Guk ez dugunez hori ikasi eta ez daukagunez esperientzia handirik laguntza gehiago jasotzea eskertuko genuke”. Izan ere, prest edukitzeko pentsatu baino gauza gehiago egin behar dizkiote. Autoak “burukomin nahikoa” eman dizkie.
Kilometro asko egingo dituzte Mercedes zaharragaz. Izan ere, bertara heltzea ere bada abenturaren parte bat. Munitibarretik irtenda 2.000 kilometrotik gora egingo dituzte Algeciraseraino. Han ferrya hartuko dute, eta gero, rallyan, 2.500 bat kilometro egingo dituzte otsailaren 12tik 20ra.
Egun horietan sei etapa egingo dituzte: “Sei etapa dira, baina batzuk bi zatitan egingo ditugu, maratoi-etapa adibidez, bi egunetan da. Etapa guztiak ez dira basamortutik. Lehenengo egunekoa, adibidez, lasaiagoa da”.
Sei etapatan 2.500 kilometro inguru egingo dituzte, otsailaren 12tik 20ra
Guztira ia 5.000 kilometro egin beharko dituzte. “Horregatik, autoa ahalik eta ondoen eduki nahi dugu, ondo prestatuta joateko”. Ez da abiadurako lasterketa bat, orientaziozkoa baizik. Hain zuzen, raidaren sei etapak roadbook-agaz, mapagaz eta iparrorratzagaz egingo dituzte: “Leku batetik beste leku batera heldu beharko gara, etapa amaitu behar duzu, baina ez dute begiratzen ze abiaduratan egin duzun. Orientazioa hartzen dute kontuan. Material gehien banatu eta gutxien galdu den taldeak irabazten du rallya”. Oharrak eta etapak Dakarrekoen oso antzekoak direla diote.
Instagramen. Albizuk aurreko ikasturtean unibertsitateko hitzaldi batean eduki zuen elkartasun proba horren berri, eta parte hartzeko interesa piztu zitzaion: “Ikasle batzuek kontatu zuten Saharan egon zirela rally solidario bat egiten 20 urtetik gorako auto bategaz. Zelan egin nezakeen pentsatzen hasi nintzen, eta Josuri komentatu nion”.
Orain dela sei bat hilabete hasi ziren planifikazioa egiten,eta Kaktus Racing Instagram kontua sortu dute. Haren bidez, etapaz etapa bertatik euren abentura, egunerokoa kontatzeko asmoa daukate. Momentuz bertatik kamisetak saltzen ari dira: “Ia 150 pertsonek erosi dute kamiseta. Jende askok lagundu digu proiektuagaz”.
Rallya egin baino hilabete bat lehenago Munitibarren hitzaldi bat emateko asmoa daukate
Raidera eroan beharreko materiala emanez zein bestelako moduren batean lagundu nahi dutenek Instagram kontutik edo racingkaktus@gmail.com helbide elektronikora idatzi diezaiekete. Ekarpen guztiak “ondo etorriak” direla azpimarratu dute.
“Babesteko prest dagoen edozein norbanako edo enpresak beldurrik barik idatzi ahal digu, eta informazio gehiago nahi dutenek edozein gauza galdetu diezagutela. Euren laguntza eskertzeko euren izenekin pegatinak ipiniko ditugu autoan, eta sare sozialetako argitalpenetan izendatuko ditugu”.
Bost hilabete falta dira abenturari ekiteko, eta aurre-inskripzioa eginda daukate: “Bi zatitan egiten da ordainketa. Aurre-inskripzioa eginda daukagunez, plaza gordeta daukagu. Eta izen ematearen gainontzeko zatia ordaintzeko urte amaiera arte daukagu. Guztira 1.800 euro dira izen ematea”.
Kotxearen konponketak, gasolina, piezak… aurrekontua espero baino gehiago igo zaie. 6.000 euro ingurura igoko dela uste dute. “Izen ematea ordaintzean, ibilbideean materiala eurek eroaten dute guk gure kotxeetan eroan beharrean. Antolakuntzak mekanikariak ditu, eta etaparen batean kotxea apurtuz gero, eurek laguntzen dute. Proiektua aurrera eroan ahal izateko dirua falta zaigu oraindino. Aurrera eroango dugula argi daukagu. Baina 6.000 euro diru asko da, eta parte bat falta zaigu. Edozein babesleren laguntza asko eskertuko dugu”.
Rallya egin baino hilabete bat lehenago Munitibarren hitzaldi bat emateko asmoa daukate. “Ordurako babesleak erdi zarratuta eduki nahi ditugu. Autora pegatinak egiteko ere denbora beharko da eta”.