13/13 auzian epaitzen ari diren Arantza Zuluetari babesa erakutsi diote Lekeition
Elkarretaratzea egin zuten atzo [irailak 7] udaletxeko eskaileratan. Auzipetuek manifestazioa deitu dute Donostian.

13/13 sumarioan auzipetuta dagoen Arantza Zulueta Lekeitioko bizilagunari babesa adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo [irailak 7] arratsaldean Lekeitioko udaletxe aurreko eskaileretan. Auzi berean auzipetuta dagoen eta joan den barikuan hil zen Juan Mari Jauregi ere eduki zuten gogoan ekitaldian. Uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalera joateaz salbuetsi zuten Jauregi bere osasun egoeragatik.
Udako tartearen ostean, atzo [irailak 7] berrekin zioten uztailaren 12an hasi zen ’13/13 auziko’ epaiketari. Defentsaren lekukoak deklaratu zuten atzoko saioan, eta ukatu egin zuten Zuluetari eta Enparantzari leporatzen dietena. Gaur [irailak 8] ere lekukoek izango dute hitza, eta aurreikuspenen arabera, irailaren amaierara arte jarraituko du Espainiako Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketak.
Atzoko saioaren amaieran, auzipetuek domekan [irailak 12] epaiketa salatzeko Donostian egingo den manifestaziora joateko deia egin zuten. Manifestazioa 13:30ean hasiko da Bulebarretik.