VII. BTT Martxa antolatu dute Etxebarrian irailaren 25erako
Parte hartu nahi dutenek irailaren 23ra arte edukiko dute izena emateko aukera. Jan-edana, opariak eta zozketak egongo dira amaieran.

Etxebarriko Txik-Txak elkarteak antolatuta, BTT martxa egongo da irailaren 25ean Etxebarrian. Aurten, arratsaldez egingo da proba. Azaldu dutenez, arratsalde iluntzean herria girotzea dute asmoa. Martxa 15:30ean hasiko da, eta dortsalak 14:00etatik aurrera hartu ahalko dituzte parte hartzaileek.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, basoetan eman diren aldaketak direla eta, moztu egin behar izan dute zirkuitua, eta, beraz, 36 kilometro izango ditu guztira. Parte hartu nahi dutenek irailaren 23ra arte edukiko dute izena emateko aukera Kirolprobak webgunean, eta momentuz 92 lagunek eman dute izena. Izen emateak 20 euro balio ditu.
Irteera eta amaiera Etxebarriko PeƱanekua plazan izango dira. Amaieran jan-edana, opariak, zozketak eta musika egongo direla aurreratu dute antolatzaileek.