Goya sarietarako bidea hasi du 'Mi pequeño gran samurai' lanak
Antolakuntzak eskatzen duen gutxieneko baldintza bete ostean, lana hautagaitzarako aurkeztea erabaki dute Lersundiren gurasoek eta Izar Filmseko kideek. "Itxaropentsu eta pozik" daudela jakitera eman dute.
Ekai Lersundi ondarrutarraren bizitza jasotzen duen Mi pequeño gran samurai film labur dokumentalak bestelako jauzia eman du. Lanak nazioarteko jaialdien zirkuituan bidea egiten jarraitzen badu ere, aldi berean Goya sarietan hautagai izateko aukeren artean aukeratzeko ere aurkeztu dute. Lana banatzeaz arduratzen den Yaq banatzaileak jakitera eman duenez, zortzi film labur aurkeztu dituzte Goyetara, tartean, Arantza Ibarra ondarrutarrak zuzendutako lana.
Zinema zuzendari ondarrutarrak HITZAri azaldu dionez, Lersundiren gurasoak eta Izar Filmseko kideak “itxaropentsu eta pozik” daude. “Oso zaila da Goya sarietara hautagaitza aurkezteko prozesua, eta aukera hori eskura edukitze hutsa asko da guretzat. Hautagaitza aurkeztu ahal izateko gutxieneko baldintza batzuk bete behar dira. Goya sarietarako kalifikatzailek diren jaialdi zehatz batzuetako sail ofizialean aukeratuta egon behar da lana, ez dago zertan jaialdi horietan saririk lortu beharrik. Dokumentalen kasuan, gutxienez hiru jaialditan aukeratua izatea eskatzen dute”.
Antolakuntzak eskatzen duen gutxieneko baldintza beteta zutela jakin zutenean aurkeztea erabaki zutela gaineratu du. “Gure lana, zehazki, kalifikatzaileak diren hiru jaialdirako aukeratu dute: Gasteizko Cortada film laburren lehiaketarako, Cullerako (Herrialde Katalanak) K-Lidoscopi sariketarako eta oraindik jakitera eman ezin dugun beste jaialdi baterako. Aukeratu gaituzten azken jaialdi horrek ez ditu oraindik aukeratuen izenak publiko egin; sare sozialen bitartez laster emango dugu horren berri ere”.
Goya sarietarako haugaigatza aurkeztu duen lehen aldia dela aitortu du. “Nire lanen artean bi film luze dauzkat eginda eta zinemetan estreinatuta (Zigortzaileak eta La Ama) eta meritu horrek akademian parte hartzeko aukera eman dit; 2018tik naiz akademikoa. Goya sarietan akademiko moduan parte hartu izan ohi dut, baina nire lanetako bat ez dut hautagaitzara aurkeztu. Aukera horrek sekulako ilusioa egin dit”. Ibarraren ustez, urte amaierarako edo datorren urteko hasierarako emango dituzte jakitera Goya sarietarako hautagaitza aurkeztu duten bost lan finalisten izenak.