Mutriku, Munduko Sokatira Txapelketara begira
Datorren astean, irailaren 16tik 19ra lehiatuko dute lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa, Getxon. Hamasei selekzio nazional eta 580 kirolari bilduko dira.
Mutriku Sokatira Taldeak lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa lehiatuko du datorren astean, irailaren 16tik 19ra, Getxon.
2020an leku berean egitekoak ziren, baina pandemiagatik urtebete atzeratu zuten. Hala, oraingoan, COVID-19aren kontrako protokoloak zorrotz betez egingo dute. Hain zuzen ere, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna da antolakuntzaren oinarri nagusietako bat, eta horretarako, taldekako burbuiletan egongo dira. Halaber, nazioartetik datozenek PCR negatiboa aurkeztu beharko dute Euskal Herrira heltzean.
39 klubek baieztatu dute parte hartzea, eta horiek 73 talde osatuko dituzte. Bestalde, hamasei selekzio daude izena emanda. Besteren artean, horien artean daude Basque Country, Alemania, Hegoafrika, Herbehereak, Ingalaterra, Suitza eta Txina Taipei. 580 kirolari bilduko dira Getxon.
Mutriku Sokatira Taldeak ordezkaritza zabala edukiko du. Kategoria mistoan ariko da estreinako. Mutrikuko taldeko lau mutil eta neska bategaz eta Goiherriko taldeko hiru neskagaz osatuko dute taldea. 580 kiloko kategoria mistoan lehiatzeaz gain, mutilen 560 kilotan ariko dira lehen egunean. Halaber, egun horretan 680 kilotan talde moduan ez dute parte hartuko, baina Mutrikuko taldekide bi Getxo taldeagaz ariko dira lehian.
Barikuan, berriz, 640 kilotan ariko dira talde mutrikuarrekoak. Eta emakumezkoen 540 kilotan Mutrikuko taldekidea Gaztedikoekin ariko da. Asteburuko nazioen arteko lehietan ere Mutrikuko ia gehienek parte hartuko dute.
Mutriku STtik 11 tiralari eta entrenatzailea joango dira Munduko Txapelketara. “Taldea ondo dago, eta gogotsu entrenatzen ari gara. Euskal Herriko txapelketan badakizu ze talde eta ze maila dauden, eta horregatik, gutxigorabehera aurreikusi dezakezu non ibiliko zaren. Munduko Txapelketan, ostera, ez dakigu ze talde eta ze mailatan egongo diren, beraz, ezin dugu jakin ze aukera eduki ahal ditugun. Aurten estreinakoz mistoa probatuko dugu, eta ikusiko dugu ea ze maila ematen dugun”, azaldu du Javi Urresti taldekideak. Kategoria mistoan lehenengoen artean sartzeko aukerak dituztela uste dute.
Euskal selekzioa zortzi kategoriatan ariko da lehian: emakumezkoen 500 kilo eta 540 kilotan, gizonezkoen 560 kilo, 640 kilo, 680 kilo eta 720 kilotan, 580ko kilo mistoan eta gizonezkoen 23 urte azpiko 600 kilokoan.
Sarrerak aurretiaz. Ikusleei dagokienez, 500 pertsonako edukiera ezarri dute, eta sarrerak aldez aurretik eskuratzeko eta eskaerak kudeatzeko sistema bat prestatu dute. Txapelketaren webgunean erosi daitezke. Sarrerak eskatzeko epea irailaren 12an (domeka) amaituko da.
Munduko Txapelketa aurkezteko gaur goizean egindako agerraldian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak esan du erronka bat izan dela mundu mailako txapelketa hartzea: “Are gehiago bizi dugun osasun egoeraren erdian, baina gai izan garela eta garela erakutsi diogu munduari. Azpimarratzekoa da Nazio moduan agertuko garela nazioartean. Ez da kirol guztietan egin dezakegun zerbait eta horregatik da garrantzitsua eta azpimarragarria”.
“Ikasteko eta ikusteko”. Munduko Txapelketan parte hartzea, “berezia eta ohorea” da klubentzat, hitzordu garrantzitsuenetakoa. “Gazteek ikas dezaten eta denok zer den ikusteko ondo etorriko zaigu txapelketa”, nabarmendu du Urrestik.
2022an klubaren 50. urteurrena ospatuko dute Mutrikun, eta halako parte hartzeek klubari bultzada emateko balio diezaiekela deritzote. Besteak beste, oihartzuna emateko aukera da honakoa: “Parte hartzeak ea balio digun Mutriku Ondarroa eta inguruan zaletasuna zabaltzeko eta interesa pizteko, eta batik bat emakumeak eta gazteak taldera erakartzeko. Jendeak ikusten baldin badu taldeak ondo egin duela interesa piztu ahal dugu. Munduko txapelketan zerbait egitea izugarria litzateke”.