Panpako luma-mottoak ugaritzen ari direla salatu du Eguzkik
Landare espezie inbaditzaile horrek inguruko biodibertsitatean "kalte larriak" eragin ditzakeela azpimarratu dute. Erakundeei hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu diete.
Eguzki Talde Ekologista eta Antinuklearreko kideen iritziz, landare espezie inbaditzaile mota asko ugaritzen ari dira inguruotan. Horien hedapena etetea beharrezkoa dela azpimarratu dute. Inguruan ugaritu diren espezieen artean, eta daukan ikusgarritasunagatik, herritarren artean panpako luma-mottoa (cortaderia selloana) deritzona modura ezagunagoa den landarean jarri dute fokua. “Egokitzeko duen gaitasuna dela eta, erraz ugaltzen da eta geografikoki modu geldiezinean hedatzen da. Kasu askotan, bereziki sentikorrak diren tokietan ugaltzen da, besteak beste, parke naturaletan, biotopo babestuetan, jolasguneetan eta mendietan”.
Landare horrek inguruko biodibertsitatean “kalte larriak” eragin ditzaketela azpimarratu dute. “Paisaia desitxuratzeaz gain, dibertsitate biologikoa murrizten ari da, habitat irekiak kolonizatzen dituelako eta horietan espezie nagusi gisa ezartzen delako”. Baldintza egokietan erraz hazteko eta hedatzeko gaitasuna duela ere ohartarazi dute. “3,5 metroko diametroko zabalera eta 4 metroko altuera eduki dezake. Motots bakoitzak ehun mila hazitik gora dauzka, eta haizeak 30 kilometro inguru zabal ditzake. Bereziki, errepideetako mendoitzetan hedatzen da, bertatik igarotzen diren ibilgailuek sortzen duten haize korronteek azkarrago sakabanatzen dituzte haziak”.
Mutrikuko Udalari eta Lea-Artibaiko eta Busturialdeko udalei hartu beharreko neurriak ahalik eta arinen hartzeko eskatu diete
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoa diote. “Eremu jakin batzuetan jarduten dute, eta oso noizean behin. Gure ustez, neurri horiek lurralde osora zabaldu behar dira, eta landare inbaditzaile hori desagerrarazteko lanen erritmoa handitu”. Landare horien hedapena eteten eta desagerrazten zenbat eta denbora gehiago behar izan, ekonomian eta ingurumenean eragingo duten kaltea handiagoa izango dela nabarmendu dute.
Zentzu horretan, Mutrikuko Udalari eta Lea-Artibaiko eta Busturialdeko udalei hartu beharreko neurriak ahalik eta arinen hartzeko eskatu diete. Herritarren eta lursail partikularren jabeen artean dibulgazio kanpaina bat egiteko ere eskatu diete tokiko erakundeei, “herritarrak landare horrek duen arriskuaz jabetu eta landare hori geldiarazteko nola jokatu jakin dezaten”. Herritarrei, gainera, landare horien garraioa, jabetza eta merkataritza debekatuta dagoela gogorarazi diete. “Mendian horietako batekin topo egiten baduzue, ondo legoke lantzak moztu eta haziak ez sakabanatzeko poltsa batean sartzea”.
Beharrezkoa den kasuetan, gainera, udalei eta norbanakoei lankidetza eskaintzeko prest agertu dira. Bien bitartean, Bizkaian han-hemenka egiten dituzte auzolanekin jarraituko dutela aurreratu dute. “Aste honetan, esaterako, Ondarroan egin dugu auzolan bat. Baina halakoak noizean behin egiten ditugun jarduerak direla kontuan hartu behar da. Gure helburu nagusia gai honetaz sentsibilizatzea da”.