Unai Guenaga ondarrutarra, Interneten tabuei buruz eztabaidatzeko saio baten gidari
Ondarrutarrak 'Zenbait meloi, hainbat mazedonia' saioa gidatzen du eguaztenero Iruñe Astiz eduki sortzaileagaz batera. Twitch plataforman eskaintzen dute gazte millenialei zuzenduriko zuzenekoa.
Dinamikoa, euskarazkoa, parte hartzailea, zabala, dibertigarria, anitza, saltseroa, mamarratxoa, irekia, naturala, umoretsua eta milleniala. Halakoxea da Unai Guenaga ingeniari informatiko ondarrutarrak eta Iruñe Astiz eduki sortzaile barañaindarrak Twitch plataforman abiarazi duten Zenbait meloi, hainbat mazedonia saioa. Elkarlanean hasi berri duten proiektua gazte millenialei zuzenduriko eztabaida saio bat da. Eguztenero 21:00etan eskaintzen dituzte zuzenekoak @arkkuso Twitch kanalean.
Saioaren bi gidarien iritziz, sarean Twich plataforma erabilita euskaraz halako gaiak eztabaidatzen dituen saio bakarra da eurena. Euskaraz eta kalitatezko bestelako eduki bat sortzen ahalegindu dira. “Ikusleari eurek nahi dutena ematen ahaleginduko gara”.
Halako proiektuagaz, Twitch plataforman euskararen presentzia mantentzearen eta bermatzearen aldeko apustua egin nahi izan dute. “Aurreko urte amaieran #3000Twitz izeneko ekimena martxan jarri genuen, sare sozialari euskara zuzenekoetarako hizkuntza ofizial modura onartzeko eskatuaz. Ekinbide horren helburua zen Twitchen euskara hizkuntza ofiziala bihurtzea, Interneteko sortzaile euskaldunak ikusaraztea eta ingurune digitalean euskaraz bizitzeko modua emateko aldarrikatzea. Gure ekimenak 3.000 bozka baino gehiago eduki bazituen ere, hor jarraitzen du, kontuan hartu barik”, azaldu du Astizek.
Proiektua ezustean sortu zen. Astizek bere kanalean egiten zuen elkarrizketa saioa batean Guenaga elkarrizketatu zuen, eta ostean izandako elkarrizketan hasi ziren mamitzen ideia. “#3000Twitz ekimena bultzatzeko nahiagaz murgildu nintzen plataforman eta, harrez geroztik, elkarrizketa bat egiten nion nire inguruko jendeari. Unai elkarrizketatu, eta ostean izandako elkarrizketan bururatu zitzaigun hau guztia”.
Elkarrizketa hartan gaur egun gazte millenialen artean tabuak diruditen edo gehiegi sakontzen ez diren “gai potoloei edo meloiei” buruz berba egiteko beharra dagoela iruditu zitzaien. Gai horiei tartea egiteko aproposa iruditu zitzaien Zenbait meloi, hainbat mazedonia saioa sortzea, eta horretan dihardute abuztuaren amaieratik.
Twitch plataformak eskaintzen duen txat bidez edo Discord aplizazioa erabilita parte hartu daiteke zuzenekoan
Astero-astero gai ezberdin bati buruz berba egiten dute. Gaiak naturaltasunez lantzen dituzte, eta modu ireki eta libre batean berba egiteko espazio bat eskaini nahi izan dute. Nabarmendu dutenez, lantzen dituzten edukiak ez dira itxiak. Eztabaidatzeko gai zerrenda bat daukate osatuta, baina saio bakoitzean eztabaidatu beharrekoa bertan parte hartzen dutenen artean erabakitzen dela esan dute. “Gure apustua ez da saioa Unai eta bion kontu bat izatea, baizik eta parte hartzen duen jende guztiarena. Azkenean, ikuslea saioaren parte hartzaile aktibo bat da, eta saio hori zer bidetatik joango den aukeratzeko aukera dauka”.
Eztabaida saioan parte hartu nahi dutenek plataformak eskaintzen duen txat bidez edo ahots kanalak erabiltzen dituen Discord aplizazioa erabilita parte hartu dezakete. “Iruzkinek eragin nabarmena daukate, eta zuzenekoaren norabidean eta hitz egiten ari zaren gaian eragiten dute. Saioa apur bat bideratzeko nahiagaz gidoi antzerako bat prestatzen badugu ere, argi daukagu hori ez dela izango gidoi itxi bat”.
Gogorarazi dutenez, saioa feminista da, eta ez da LGTBIQ+ komunitatearen aurkako erasorik onartuko. “Erasoa diruditen iruzkinak eta halako jarrerak moztu egingo ditugu, eta saiotik kanpora bota. Askotariko gaiei buruz berba egiteko espazio seguru bat sortu nahi dugu”.
Irailaren 15ean eskainiko duten saioan euskalkiak vs euskara batua gaia izango dute eztabaidagai
Saioa parte hartzaileagoa egin aldera, gainera, inkestak ere egiten dituzte. “Zalantzak edo galderak baditugu, proposamen horiek txatean txertatzen joaten gara. Hurrengo asteko gaia aukeratzeko orduan, esaterako, inkesta bat zabaltzen dugu. Gai posible batzuen zerrenda daukagu eginda, baina saio bakoitzaren amaieran inkesta bat sortzen dugu eta ikusleek eurek erabakitzen dute hurrengo asteko saioa zerri buruzkoa izango den”.
Orain arte bi saio egiten dituzte eta esperientzia ondo joan dela esan dute. Lehenengo saioan ligoteoari buruz berba egin zuten eta bigarrenean, ostera, nerabezaroari buruz. Hurrengo saioa honakoa izango da: euskalkiak vs euskara batua. Lehenengo denboraldian hamar saio egitea aurreikusita daukate; urriaren amaierara arte eskainiko dituzte saioak.
Zuzenean ematen duten eduki hori gero ere kontsumitzeko aukera badago. Podcast modura postcast zerbitzua ematen duten plataformetan saioa berriz entzuteko aukera dago. Ikus-entzunezkoa, berriz, Youtuben ere ikusgai jartzen dute: Astizen @arkkuso kanalean dago guztia eskuragarri.