Lekeitioko egoitzan 17 positibo asintomatiko erregistratu dituzte
Kutsatu guztiak egoiliarrak direla eta "ondo" daudela esan du udalak. Babes neurri modura, isolatu egin dituzte, eta haien kontaktu zuzenak zeintzuk izan diren aztertzen ari dira. Egoera "kontrolpean" dagoela eta lasaitasunez jardutea gomendatu diete egoiliarren senideei.
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, Uribarren-Abaroa egoitzan COVID-19agaz kutsatutako 17 kasu erregistratu dituzte. Guztiak, baina, asintomatikoak direla eta txertoaren pauta osoa hartuta daukatela esan dute. “Kutsatu guztiak onik aurkitzen dira. Birusak ez die inolako eraginik sortu”.
Kutsatu guztiak egoiliarrak direla eta babes neurri bezala isolatu egin dituztela esan dute. Datozen egunetan jarraipen zehatza egingo diete haien osasun ona bermatzeko. “Kutsatuen kontaktu zuzenak zeintzuk izan diren aztertuko da”, esan dute udal ordezkariek.
Lekeitioko Udalak gaineratu du egoera “kontrolpean” dagoela eta egoiliar guztien familia eta hurbilekoei lasaitasunez jardutea gomendatu die.
2020ko martxoan pandemiak eztanda egin zuenetik, Lekeitioko Uribarren-Abaroa egoitzan ez dute positibo bat bera ere erregistratu, gaur arte.
Lea-Artibai. Lekeitioko egoitzan erregistratutako 17 positiboez gain, beste 2 positibo erregistratu dituzte herrian; guztira atzo [irailak 9] 19 positibo erregistratu zituzten Lekeition, eta ondorioz herriko intzidentzia tasa 166 puntu igo da. Oro har, Lea-Artibain 25 positibo erregistratu zituzten atzo [irailak 9]; Mutrikun ez zuten kasurik erregistratu. IKUS LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO EGOERA EPIDEMIOLOGIKOA.