Lurpeko edukiontziak kentzen hasiko dira Debabarrenean
Mankomunitateak zehaztu du Mutrikun dauden lurpeko edukiontziak urriaren 21etik azaroaren 2ra kenduko dituztela. Lurrazaleko edukiontziak "gutxien eragozten duten lekuan" ipiniko dituztela diote
Debabarreneko Mankomunitatea lurpeko 52 edukiontzi kentzen eta horien ordez lurrazaleko edukiontziak ipintzen hasiko da astelehenean [irailak 13]. Guztira bost herritan kenduko dituzte lurpeko edukiontziak, tartean Mutrikun. Lanak herrika eta asteka egingo dituztela ere zehaztu dute. Mutrikun, hain zuzen, urriaren 21etik azaroaren 2ra bitartean kenduko dituzte.
Mankomunitateak 2020ko abenduaren 16ko bileran erabaki zuen lurpeko edukiontziak kentzen hastea. “Erabaki hori herri bakoitzeko edukiontzien egoera aztertu eta gero hartu zen”. Diotenez, kenduko dituzten edukiontziak “zaharkituta” daude. Arrazoi hori, baina, ez da bakarra. Izan ere, lurpeko edukiontziak lurrazalekoengatik ordezkatuta mantenimendu gastuak gutxitu egiten dira. “Horrez gain, herritarrei edukiontzi horien konponketek sortzen dizkieten eragozpenak saihestu eta zerbitzuaren kalitatea hobetuko da”. Dena dela, azken helburua hondakin bilketaren “eraginkortasuna handitzea” dela diote.
Iaz, esaterako, lurpeko edukiontzien mantenimenduan 151.673 euro gastatu zituen Mankomunitateak. “Kopuru horri edukiontzi horiek konpontzeko erabilitako 89.078 euro gehitu behar zaizkie”. Diotenez, lurpeko edukiontziak mekanismo mekaniko eta elektronikoen bidez funtzionatzen dute, eta hezetasunarekin erraz apurtzen dira. “Lurpeko edukiontziak hondatzen direnean horien ordez lurrazalekoak ipintzen dira lurpekoen eremu berean. Horrek, baina, herritarrei eragozpenak sortzen dizkie. Izan ere, lurrazaleko hainbat edukiontzi ipini behar izaten dira, lurpekoak bezain beste hondakin jasotzea bermatzeko. Horrek, baina, espazio publiko gehiago hartzea sortzen du”.
Lurpeko edukiontziak kendu eta lurrazalekoengatik ordezkatuta aurrezten duten mantenimendu kostua “beste zerbitzuak hobetzera” bideratzea dela asmoa diote.
Lurrazaleko edukiontziak “gutxien eragozten duten lekuan” ipiniko dituztela diote. “Herritarren egunerokotasuna oztopatuko ez duten tokian eta hondakin bilketa azkar egitea ahalbidetzen duen eremuan ipiniko ditugu”.
Gainera, lurrazaleko edukiontziak “praktikoagoak” direla ere esan dute. “Lurpeko edukiontziak garbitzeko lan osasuneko protokolo zehatz bat jarraitu behar izaten da, eta horrek garbiketa denbora nabarmen luzatzen du. Lurrazalekoak, aldiz, azkarrago garbitzen dira”.