'Udaletako mozioen gida', eukaliptoen kontra egiten jarraitzeko
Baso Biziak plataformak orain arte hainbat herritan aurkeztutako mozioak gida batean jaso ditu: "Tresna baliagarria izango da bide hori jorratu nahi duten guztientzat".
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat elkarte batzen dituen Baso Biziak Plataformak Udaletako mozioen gida aurkeztu du. Funtsean, hainbat udaletan eukaliptoaren kontra jarri diren mozioen nondik norakoak jasotzen ditu gidak, eta egileen esanetan, beste herri batzuetan antzeko asmoak dituztenentzako baliagarria izatea da asmoa. «Gida honek pistak emango dizkie bide hori jorratu nahi duten taldeei». Oro har, eukaliptoari aurre egiten jarraitzea da plataformaren helburua.
Aurrekariak. Martxoan sortu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritako elkarteek Baso Biziak plataforma. «Ikusten genuen bakoitza bere aldetik gauza interesgarriak egiten ari ginela, eta elkartzeko momentua zela. Hau da, beste dinamika batzuk modu bateratuan lantzeko momentua zelan pentsatu genuen», azaldu dute plataformako ordezkariek. Hain zuzen ere, elkarlan horren fruitua da zapatuan Elgetan aurkeztu zuten Udaletako mozioen gida.
Hiru lurraldeetan egindako azterketen arabera eukaliptoa «landare inbaditzaile exotikoa» dela diote plataformako kideek, «Euskal Herriko bioaniztasuna izugarri» kaltetzen duena. Onartuak izan edo ez, dagoeneko hainbat herritan aurkeztu dira eukaliptoaren kontrako mozioak eta horien nondik norakoak jaso dituzte osatu duten gidan. «Hainbat udaletan jarritako mozioak jasotzea, laburtzea eta ordenatzea izan da asmoa, erakusteko ez dela hain zaila».
Azpimarratu dute gida horretan ez dutela iritzirak sartu. «Jasotze lana besterik ez dugu egin». Gidan jasota dauden mozioen artean daude Berriatuan eta Mutrikun aurkeztutako mozioak ere.
Baso Biziak plataformako kideak: “Udalek ere badituzte eukaliptoaren hedapenari aurre egiteko eskumenak”
Udalek duten eskumena. Mozio guztiak antolatuta jasotzeaz gain, hainbat talde egiten ari diren lan isila bistaratzea ere izan da helburua. «Lan hori jaso, ordenatu eta ezagutzera eman nahi izan dugu».
Herri ekimeneko elkarteak izanda, esan dute aldundiak edota Eusko Jaurlaritza urrun geratzen zaizkiela, eta horregatik jarri dutela fokua udaletan. «Udalek ere badituzte eukaliptoaren hedapenari aurre egiteko eskumenak».
Gidan mozioen inguruko datuak, horien laburpenak, aurkezterakoan sortu diren galderak edota zalantzak eta gehien errepikatu diren argudioak ere jaso dituzte. «Gidan jasotako informazioa zuzenean edo zeharka taldeetatik edo udaletatik dator. Ez dugu ukatzen akatsen bat edo beste edo eskuratu ezin izan dugun daturak egon ezin daitezkeenik, baina ez da izango ahalegindu ez garelako».
Guztira 33 herritan aurkeztu dituzte mozioak, eta horiei Larrabetzuko alkateak lurrak eskuratu eta euskal espezieekin basoa sortzeko dekretua gehitu behar zaie. Eta nahiz eta mozio guztiak ez diren onartu, horiek denak batzearen garrantzia azpimarratu dute elkartekoek, «bide hori jarraitu nahi dutenei gauzak errazteko».
Mozio batek ezezkoa jasotzen duenean ezin dela amore eman diote, indar korrelazioa «aldatu» egin daiteke eta
Aurrera begira. Gaineratu dute orain arte egindako bideak «hainbat aukera» erakutsi dietela. «Baina ezin gara horretan geratu. Baso bizien dinamika garatzen, herrietan dauden indargunean kontuan hartuta konpromisoak lortzen, aurrekontuetan eragiten eta proposamenak egokitzen jarraitu behar dugu».
Mozio batek ezezkoa jasotzen duenean ezin dela amore eman diote, indar korrelazioa «aldatu» egin daiteke eta. «Bitartean, gure taldeak indartzen, jendea erakartzen, basoak beste begi batzuekin begiratzen eta ezagutzen, ikastetxeetako proiektuak gurera hurbiltzen eta herritarrek proiektua bere egiten jarraitu behar dugu».
2.300 norbanako baino gehiagoren atxikipena. Plataforma sortu zenean atxikipen kanpaina bat abiarazi zuten Internet bidez. Hala, gaur gaurkoz, 2.365 norbanakok eman diote atxikipena. «Horrez gain, hamar talde baino gehiagok ere plataformagaz bat egin dute». Atxikipena eman duten taldeen artean daude, besteak beste, Eako Basokideak eta Berriatuko Hostozabal taldea. Elkarteagaz harremanetan jartzeko aukera ere zabalik dagoela esan dute: basobiziakplataforma@gmail.com
Atxikipena eman nahi duzu? EGIN KLIK HEMEN!