Elorrioren II. Memoriala indartsu hasi da
Partida bikainak ikusteko aukera egon zen memorialaren estreineko jardunaldian. Barikuan [irailak 17] beste lau partida jokatuko dira.

Partida ikusgarriekin gozatzeko aukera ekarri zuen barikuan [irailak 10] hasi zen Elorrioren omenezko bigarren memorialak. Gazte mailako neurketagaz hasi zen lehiaketa, eta hasieratik ikuskizuna izan zen nagusi. Arratibel-Argoitia eta Arrasate-Cabanillas bikoteek estreinatu zuten bigarren memoriala. Lehenengo bikoteak erraz irabazi zuen, 30 eta 9, izan ere, Argoitia ikusgarri aritu zen kantxan eta aurkariek ezin izan zuten gauza gehiegirik egin.
Jarraian kantxaratu ziren eliteko jokalariek ere partida bikaina eskaini zuten. Lehia handiagoa egon zen Aaron-Ibarluzea eta Antxon-Uranga bikoteen artean. 30-26 nagusitu ziren lehenengoak. Ibarluzeak sasoi onean dagoela argi utzi zuen barikuan ere. Ondo jokatu zuen eta ez zuen pilotarik galdu, eta Aaronegaz bat eginda lehen garaipena bere egiten jakin zuen bikoteak.
Nagusien mailako partida bi jokatu ziren ondoren. Zelaia-Unda eta Eñaut-Txomin neurtu ziren lehenengoan eta Arakis-Atain II eta Gonzalo-Danel bikoteak bigarrenean. Eñaut Urreisti ere Ibarluzearen modura asko jokatzen ari da, eta 30-23 irabazi zietan Eñaut eta Txominek Zelaia eta Undari. “Eñautek indarra hartu du, eta maila bikainarekin jokatzen ari da”, azaldu du Santi Olabe Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolako entrenatzaileak.
Partida ederra eskaini zuten baita Arakis eta Atain II.a zein Gonzalo eta Danel bikoteek ere. Laurak ibili ziren ondo, baina garaipena Gonzalorentzat eta Danelentzat izan zen (30-28). Daneli, markagailua 10-8 zihoala ziztada eman zion orkatilan, baina partida amaitzeko gai izan zen.
Barikuro izango du jarraipena memorialak. Horrela, datorren barikuan [irailak 17] beste lau partida jokatuko dira, 18:00etan hasita. Aurretik, Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolako pilotarien arteko partida bi jokatuko dira 16:45ean hasita.
Elorrioren II. Memorialeko partidak:
- Gazteak: Julen Teresa-San Jose/Mugerza-Ureta
- Gazteak: Egaña-Odriozola/Arandia-Iriondo
- Nagusiak: Unax-Iparragirre/Zuhaitz-Paul
- Nagusiak: Lertxundi Oier/Aitzol-Amets