Aratz Mugertza banakako Euskal Pentatloiaren finaletik kanpo geratu da
Euskal Pentatloiaren bigarren kanporaketan hamaikagarren sailkatu da kirolari mutrikuarra.
Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak, Joseba Otaegik, Iñaki Errazkinek, Aritz Irazabalek, Julen Gabirondok eta Kepa Peñagarikanok jokatuko dute banakako Euskal Pentatloiaren finala irailaren 25ean, Azpeitiko zezen plazan.
Aratz Mugertza mutrikuarrak ez zuen finalerako txartela lortu zapatuko kanporaketan [irailak 11]. Hamaikagarren sailkatu zen, lanak 17 minutu eta 42 segundotan amaitu zituen.
Mutrikuko kirolaria atsekabetuta geratu zen, ez zen gustura aritu. “Eskas samar ibili ginen. Ez nuen egun ona eduki, agian, urduritasunak eragin zidan, eta pixka bat haserre amaitu nuen”. Finalera sartzea “zaila” izango zela bazekien, baina finalistengandik “hurrerago” ibiltzea espero zuen.
Lehenengo bi probak eginda, “hustuta” sentitu zen, eta gero, ez zion bueltarik eman: “Gero denean ezinean ibili nintzen”.
Hamabi kirolarik lehiatu zuten kanporaketa. Zortzi iazko edizioan egindako markengatik zuzenean sailkatu ziren bigarren kanporaketa horretara, tartean, Mugertza, eta beste laurek lehen kanporaketa gaindituta jokatu zuten bigarrena.
Lau txandatan banatuta jokatu zuten kanporaketa saioa, txanda bakoitzean hiru kirolarirekin. Otaegi, Irazabal eta Mugertza aritu ziren lehen txandan; Julen Kañamares, Gorka Etxeberria eta Errazkin, bigarrenean; Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade eta Peñagarikano, hirugarrenean; eta Izeta VI, Gabirondo eta Otaegi, berriz, laugarren eta azken txandan.
Izeta izan zen kanporaketako onena. Erakustaldia eginda, alde nabarmenarekin nagusitu zen, proba guztietan (harrijasotze, giza proba, aizkora, txinga eta korrika) markarik onena eginez. 12 minutu eta 29 segundotan burutu zuen pentatloia. Otaegi sailkatu zen bigarren, hamahiru minutu eta bederatzi segundoko denboragaz. Hirugarren eta laugarren sailkatuaren artean sei segundoko aldea egon zen; Errazkin izan zen hirugarrena (14,38) eta Irazabal laugarrena (14,44).
Mugertzaren hitzetan, Izeta eta Otaegi “koska bat gorago daudela ikusten da”, gehienbat Izeta: “Gero, hirugarrenetik zazpigarrenera 30 segundo azpitik egon ziren, nahikoa parekatua”.
Publikoagaz lehiatu zuten kanporaketa, 500 bat ikusle batu ziren. Azpeitiko zezen plazan “giro polita” egon zela azpimarratu du Mugertzak: “Finalean giro hobea egongo da. Behintzat, pixkanaka hasi gara plazari itxura ematen”.