Sorkuntzaz beteko da Aulesti irailaren 20tik 25era
Artedrama Euskal Laborategia egingo dute irailaren 20tik 25era. Ikusteko, entzuteko, ikasteko eta gozatzeko proposamena dakar hamasei urte beteko dituen topaketak.
Euskararen arnasguneez askotan hitz egiten da, eta kulturak eta arteak oro har ere behar ditu eta baditu halakoak. Aulesti, Artedrama arnasgune bat da, eta gaur egun bizi dugun egoeran are garrantzitsuagoak bihurtu dira halako arnasguneak, plazak.
Iaz bezala, aurten ere salbuespen modura, udaberrian, Pazko Astean egin ordez, udazkenean egingo dute. Datorren asterako eskaintza zabala eta oparoa prestatu dute.
Berritasun edota aldaketa nabarmena dauka aurtengo Artedrama Euskal Laborategiak: udaletxeko aretotik, ganbaratik ikuskizunak atera dituzte. Normalean astelehenetik eguenera arteko emankizunak bertan egiten zituzten, eta orain emanaldi guztiak frontoian izango dira. Horrek ahalbidetu die formatu handiagoko antzezlanak izatea.
Ander Lipus: “Hamasei urte beteko ditugu Aulestin, eta nahiz eta pandemia hau izan eta batzuetan gauza asko kontra eduki, hor jarraitzen dugu Aulestiko herritarrei eta ingurukoei jaialdi eta antzerki laborategi hauek eskaintzen”
Gela itxi batean baino, frontoian segurtasun neurriak hartzea, distantziak mantentzea errazagoa izango dela uste dute antolatzaileek. Ikusteko eta antzezteko erosoagoa da frontoia, baina Ander Lipus Artedramaren kideak esan bezala, udal aretoak ere “badauka bere xarma”. Hurbilagoa baita: “Intimoagoa da. Faltan botako dugu. Ganbaran egiten ziren emanaldiek bazuten zerbait intimotik, herri guztia oso pilatuta egoten ginen han, eta polita izaten zen”.
Programa “zabalagaz” ailegatuko da hamaseigarren topaketa. “Hamasei urte beteko ditugu Aulestin, eta nahiz eta pandemia hau izan eta batzuetan gauza asko kontra eduki, hor jarraitzen dugu Aulestiko herritarrei eta ingurukoei jaialdi eta antzerki laborategi hauek eskaintzen. Hamaseigarren jardunaldiei ekiteko gogotsu gaude”, azpimarratu du markina-xemeindarrak.
Astelehenean [irailak 20] Axut kolektiboaren proposamen bategaz hasiko dute Artedrama. Fuchs anaiek ondu duten Amua antzezlanagaz, hain zuzen. Horma Posterren Antigone-k hartuko du lekukoa martitzenean [irailak 21]. Mauma Kolektiboaren Lurrun minez ikusteko aukera egongo da hirugarren egunean [irailak 22].
Sei ikastaro izango dira, eta zazpi irakasle ariko dira irakaspenak ematen: Lipus, Olatz Gorrotxategi, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra.
Antzerki amateurrari ere tartea egiten saiatzen dira urtez urte, eta Mairu antzerki talde amateurraren txanda izango da eguenean [irailak 23]. Gaizka Sarasolak idazten dituen testuetan oinarritzen dira euren antzezlanak. Lesakarrek Iluntzen obra eramango dute Aulestira. Ondoren, Benetan Be Teatroaren Porno VS. Afrodita obra hartuko du frontoiak bariku gauean [irailak 24]. Sormen laborategiaren azkenengo egunean [irailak 25], Artedramaren eta Huts Teatroaren Atzerrian lurra garratz eskainiko dute Lipusek eta Laura Penagos kolonbiarrak.
Irakasleak oholtzan. Ikastaro trinkoek osatzen dute topaketa. Euskal Herriko “bazter guztietatik” etorritako hamalau ikasle batuko dira egunean zortzi orduko lan saioetan.
Sei ikastaro izango dira, eta zazpi irakasle ariko dira irakaspenak ematen: Lipus, Olatz Gorrotxategi, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra.
Horietako batzuk taula gainean ere ikusiko dituzte ikasleek, irakasten dietena egiten. Izan ere, urtero irakasle zein aktore aritzen dira partaideetako batzuk edota irakasleren batek zuzendutako antzezlanak egoten dira ikusgai. Adibidez, Gorrotxategik zuzendu zuen Lurrun minez. Amua antzezlanekoa da Fuchs. Horman Poster Kolektibokoak dira de Pedro eta de Quadra, eta Urrutiak zuzendu du Porno VS Afrodita eta obrako aktorea ere bada. “Quimera bilbotarrak John Strasbergekin ikasi eta bere Accidental Repertory Theatereko kide bihurtu zen. Manhattango Actors Studion lan egin du. Manhattanen urte asko egin ditu, hango teatroan, telebistan eta zineman lanean”.
Ander Lipus: “Aulestiko herritarrak eskertu nahi ditugu, eta animatu eskualdeko jendea antzerkia ikustera Aulestira hurbiltzera”
Hurbiltzeko gonbidapena. Aulestiko Udalagaz elkarlanean prestatzen dute topaketa, eta udaletik jartzen duten “ilusioagatik” eskertuta daude: “Eta urtero modura, Aulestiko herritarrak eskertu nahi ditugu eta animatu eskualdeko jendea antzerkia ikustera Aulestira hurbiltzera, publikoa egon dadin eta antzerkia ere osasuntsu egon dadin”.
Egungo egoera ez da samurra, baina “apurka-apurka” badoaz aurrera. Aforo mugatuagaz bada ere, emanaldiak eskaintzeko aukera daukate: “Poliki-poliki bagoaz argia ikusten tunel honen barruan. Horrek ez du esan nahi dena oso sanoa denik. Oraindik aretoak ez daude %100 irekita, eta beti ibili behar gara gauza asko zaintzen. Oraindik egoera ez dago oso argi, baina, hala eta guztiz ere, argi pixka bat ikusten dugu. Espero dugu kulturari ez ematea horrenbesteko kolpea, eta arte eszenikoan lanean jarraitzeko aukera hor egotea. Eta batez ere publikoak ere bere aldetik ematea, publikoa hurbiltzea antzerkia ikustera, publikorik gabe ez baitago antzerkirik. Eta administrazioek ere bere lana egin dezatela. Ea euskal kultura ere bere lekua hartzen doan berriz ere. Pandemia baino lehen gauza asko egiten ari ginen, eta bat-batean gelditu behar izatea kolpe oso handia, gogorra izan zen. Orain, berriz ere proiektuak berreskuratzen eta ateratzen ari dira”.
Pandemiak gizartean eduki duen eragin hori sorkuntzan ere nabaritzen dute. Izan ere, asko aipatzen da pandemiak ondorio emozionalak eta psikologikoak utzi dituela. Eta sorkuntza hori da emozioak, sentipenak… “Azken batean, antzerkia bizitzaren ispilua da, gizartearen ispilua eta pertsonarena. Ispilu hori oraindik lausoa dago, ez dago ezer argi. Gu ere pertsonak gara, herri honetan bizi gara, jendeagaz bizi gara, eta herri honetan dagoen egoera ez da izan kudeatzeko erraza. Hori ere sentitzen, bizitzen dugu, eta igartzen da bai sorkuntzan eta bai gure lanean, egunerokoan ere”.
Sorkuntza berriak iritsi eta “guztia egonkortzea” nahi dute: “Pertsonalki, artistikoki bai sentitzen dut ukituta atera garela hemendik, azken batean, gizartea bera ere ukituta atera delako. Uste dut sorkuntzan ere igartzen dela, sortzeko gaitasunean; ez duzunean argia ikusten zailagoa egiten da. Argi hori ikusten joateko eta sorkuntza berriak iristeko itxaropena daukat. Ea nahi duguna egiten dugun, elkarri txaloak joz eta elkar besarkatuz”.
EGUTEGIA:
- Irailak 20, astelehena: 21:00. Axut! kolektiboaren Amua, frontoian.
- Irailak 21, martitzena: 21:00. Horman Poster kolektiboaren Antigone, frontoian.
- Irailak 22, eguaztena: 21:00. Mauma Kolektiboaren Lurrun minez, frontoian.
- Irailak 23, eguena: 21:00. Mairu antzerki taldearen Iluntzen, frontoian.
- Irailak 24, barikua: 22:00. Benetan Be Teatroaren Porno vs Afrodita, frontoian.
- Irailak 25, zapatua: 22:00. Artedramaren eta Huts Teatroaren Atzerrian lurra garratz, frontoian.
OHARRA: Sei egunetarako sarrerak aurretiaz erreserbatu daitezke. Horretarako, 09:00etatik 14:00etara udaletxera joan edo 94-627 90 06 telefono zenbakira deitu behar da. Hartzen den sarrera bakoitzeko izen-abizenak emateaz gain, telefono zenbakia edo posta elektronikoaren helbidea eman behar dira.
Lehenengo lau egunetarako sarrerak doakoak dira, eta barikuko eta zapatuko emanaldietarako 5 eurotan daude salgai. Sarrerarik geratuz gero, emanaldien egunetan, frontoian ere hartu ahalko dira.