Etxebarriko Udalak eta egur ustiaketa enpresek erdibana ordainduko dute Egixarre-Etxebarria bidearen konponketa
Ingurune horretako mendietan egin den erauzketa-jarduerak kalteak eragin ditu bidean. Konponketak 101.000 euroko kostua izango du.
Baserri bideak konponduko ditu Etxebarriko Udalak aurten ere. Satsu baserrira doan bidea, Oizumoko bidea eta baita, Aulesti, Asalotza eta Lomiñoko bideak konponduko dituztela jakitera eman dute. “Lomiño errotako zubia ere konpontzeko asmoa daukagu”, azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Etxebarriko Udalak urtero konpontzen ditu baserrietara dauden bideak. “Herritar asko herrigunetik kanpo dauden baserri eta auzoetan bizi dira eta apurka-apurka eta urtez urte horietara doazen bideak konpontzen joaten gara”. Baina aurten, gainera, mendietako egurra ateratzeko egindako lanen ondorioz hautsi den bide bat ere konpondu beharko dute. Alkateak jakitera eman duenez, basoetako egurra ateratzen ere ibili dira Etxebarrian, eta erauzketa-jarduerak kalteak eragiten ditu pistetan.
Egixerre eta Etxebarria baserrietarako bidean, esaterako, kalteak handiak izan direla azaldu du Iriondok, eta beraz, konponketak udalaren eta egur ustiaketa enpresen artean ordainduko dituztela jakinarazi du. “Gastuak proportzionalak izango dira, zati bat egur ustiaketa enpresen kontura izango da eta bestea udalaren kontura”. Alkateak zehaztu duenez, egur ustiaketa enpresa bakoitzak bere ekarpena egin beharko dio udalari. “Lau kilometroko bidea da eta 30.000 metro kubiko atera dira; bidea asko apurtu da”.
Konponketa lanak lehiaketara aterako dituzte. Guztira, bidea konpontzeko lanek 101.000 euroko kostua izango dute.