'L'Hermione' itsasontzia, Lekeition
XVIII. mendeko itsasontzi mitikoaren erreplika gisa eraikitako ontzi frantziarrak atzo [irailak 13] bota zuen aingura Garraitz irlaren atzean. Ez da portura sartu.
L’ Hermione, 1779 eta 1793 artean zerbitzuan egon zen izen bereko frantziar gerraontziaren erreplika, Lekeition dago. Atzo [irailak 13] bota zuen aingura Garraitz irlaren atzeko partean, eta bertan dago ordutik. Itsasontziak jakin-min handia piztu du lekeitiarren artean, eta asko izan dira herriko hainbat lekutatik itsasontziaren argazkia atera nahi izan dutenak. Azkue ikastolako ikasleak ere bertara hurreratzeko aukera eduki dute. Gorputz hezkuntzako irteera eduki dute gaur [irailak 14] piraguan, eta itsasontzia zegoela ikusita, hurreratu egin dira hobeto ikusteko.
65 m baino gehiagoko luzera duen hiru makilako egurrezko itsasontzia da, 1.200 metro karratuko azalera duena. 26 kanoi ditu bateriaren estalkian eta 8 kanoi estalki nagusian. Dirudienez atseden hartzeko geratu dira Lekeitioko kostaldean; haize gogorra eta eguraldi txarra eduki dute itsasoan.
Erreplika. L’ Hermione itsasontziaren berreraikuntza 1997an hasi zen Rocheforteko (Frantzia) armategian, eta 2014ko irailak 7an uretaratua izan zen. 1779ko L’ Hermione ospetsua da La Fayetteko markesa Estatu Batuetara eraman zuelako matxinatu amerikarrekin bat egiteko independentziaren aldeko borrokan. Horrela, bere erreplikaren lehen bidaia AEBra izan zen, 2015eko apirilaren 18an. Bodie Islandeko (Ipar Carolina, AEB) kostaldera iritsi zen maiatzaren 31n. Amerikako kostaldean zehar hainbat eskala egin ondoren abuztuaren 10ean ailegatu zen berriro Frantziara.