Artisau eta nekazal azoka, zapatuan, Ispasterren
Ispasterko kanpoko frontoian ipiniko dituzte postuak; 11:00etatik 14:00etara erosi ahalko dira elikagai zein artisau produktuak.
Pandemia sasoira egokituta, iaz egin modura, aurten ere nekazal eta artisau azoka egingo dute Ispasterren. Zapatuan [irailak 18] egingo dute, 11:00etatik 14:00etara, kanpoko frontoian.
Aurreratu dutenez hamabost bat salmahai ipiniko dituzte, eta euren eskaintzagaz bertaratuko direnen artean egongo dira Lea-Artibaiko ekoizleak. Berriatuko Labegur okindegikoak bertan egongo dira, bai eta Markina-Xemeingo Baskaranekoak ere euren gazta eta gainerako esnekiekin. Horrez gain, Gilda del Norte, Arabako ekoizle ekologikoen mermeladak, eztia, patea, txorizoa eta askotariko artisau produktuak erosteko aukera egongo da. Besteak beste, bitxiak, poltsak, amantalak eta zumezko otzarak egiten dituzten artisauak ere batuko dira Ispasterren.
“Nahiz eta azoka txikia izan, iaz modura aurten ere neurriak mantenduz aurrera atera nahi izan dugu. Pentsatzen dugu lehen sektoreari aukera eman behar zaiola, ekoizleei etortzeko aukera eman behar zaiela”, adierazi du GarbiƱe Saenz de Buruaga Ispasterko alkateak.
Iazko azokan egin bezala, aurten ere ibilbide bat egongo da zehaztuta; leku batetik sartu eta bestetik irten beharko da: “Jendeak jakin eta ulertu behar du ezin ditugula beste urte batzuetan modura plazan postuak ipini. Postuak denak egon behar dira kokapen berdinean eta sarrera eta irteera bat eduki behar ditu azokak”.