Auzotar batzuek zaborra lurrean uzten dutela salatu dute Ondarroako Pixapeko bizilagun batzuek
Ondarroako Txomin Agirre kaleko 28. zenbakiko eraikina botatzeko lanek iraun bitartean, Ondarroako Udalak Pixape kalearen hasieran zeuden edukiontziak kendu zituen. Beraz, eraikina eraisteko lanek iraun bitartean eta bestelako alternatibarik ezean, Pixapeko eta Txomin Agirre kaleko bizilagunek Artabide kaleko edo Musika Plazaren pareko edukiontziak erabili beharko lituzkete. Baina auzotar batzuek zaborra lehen edukiontziak zeuden lekuan uzten jarraitzen dute, lurrean. Eta horrek beste bizilagun askoren haserrea eragin du.
Egoera horren aurrean, udalak ohar bat ipini du lehen edukiontziak zeuden lekuan eta orain batzuk zaborra lurrean uzten duten lekuan. Honela dio oharrak: “Mesedez ez utzi zamarrak hemen. Konponbide bat bilatzen ari gara auzotarrek zamarrak uzteko”.
Salaketa egin duten auzotarrek diote ulertzen dutela auzoan edukiontziak behar dituztela, baina zaborra lurrean uzteak ez duela ezer konpontzen. “Jarrera horrek arazo gehiago sortu ditzake”.