Markina-Xemeingo Beti Jai Elkarteak 85 urte betetzen dituzten bazkideak omenduko ditu
Zapatuan [irailak 18] izango da ospakizuna. Aurreskua dantzatu eta omenaldia egingo diete bazkideei Beti jai Elkartearen egoitza aurrean.
Aurten ere bazkide nagusienak gogoan edukiko ditu Markina- Xemeingo Beti Jai erretiratuen elkarteak, eta ekitaldi berezi bat antolatu dute, aurten 85 urte betetzen dituzten guztiak omentzeko. Guztira, 1936 urtean jaiotako bazkideak hamazazpi direla jakitera eman dute; bihar goizean elkartuko dira ospakizunerako.
Zapatuan [irailak 18] izango da ospakizuna, eta ohi modura, mezagaz hasiko dute ekimena. COVID-19a dela eta, azken ordura arte ez dute jakin mezarik eduki ahalko zuten, baina, azkenean, meza ospatu ahal izango dela baieztatu dute. Horrela, 12:00etan izango da elizkizuna Mertzedeko elizan, eta, ondoren, aurreskua dantzatu eta omenaldia egingo diete bazkideei Beti jai Elkartearen egoitza aurrean edo Plazabarripean.
Aurreratu dutenez, kopautxo bat eskainiko diete gero, omenduei eta haien tartekoei elkartearen egoitzan, eta solasaldian jarduteko aukera ere edukiko dute. Oroigarria ere izango dute opari elkartearen eskutik.
Beti Jai Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, hamazazpi omenduetatik 11k parte hartuko dute omenaldian, eta gainerakoei etxera eramango diete oroigarria.