Uhagon kulturguneak eskaintza berriak dakartza ikasturte honetarako
Dantza Hastapena ikastaroan 4 eta 8 urte bitarteko umeek parte hartu ahalko dute. Antzerki ikastaroa urte osora zabalduko da.
Urteroko ikastaroekin batera, eskaintza berriak eskainiko ditu Uhagon kulturguneak. Ume eta gazteentzako aukera berriei dagokionez, aurten, Dantza Hastapena ikastaroa lau urteko umeei ere zabalik egongo da.
Kulturguneko arduradunak azaldu dutenez, orain arte, bost urtetik aurrerakoentzat zen eskaintza, baina lau urtekoei ere aukera ematea erabaki dute. Horrela, Dantza Hastapena ikastaroan 4 eta 8 urte bitarteko umeek parte hartu ahalko dute, eta horren baitan dantza estilo ezberdinak landu eta garatu ahalko dituzte. 8 urtetik aurrerakoek, berriz, Dantza Klasikoa, Dantza Modernoa eta Dantza Kreatiboa edukiko dituzte aukeran. «Txikiagoak direnean estilo desberdinak ezagututa, aurrerago gustuko dutena aukeratzea errazago izango dute», azaldu dute kulturguneko arduradunek.
Nagusiek ere badaukate dantzak ikasteko aukera. Aurten ere, Sevillanak eta Saloi Dantzak eskainiko dituzte, eta, esate baterako, Saloi Dantzen ikastaroan saltsa eta beste dantza latino batzuez gain, beste dantza mota batzuk ikasteko aukera edukiko dute parte hartzaileek. Probatzeko aukera ere eskaintzen dute, gainera, ezelako konpromisorik barik.
Antzerkia, urte osoan. Antzerki Ikastaroa ere berritasunen artean dago. Urte osora luzatuko da eskaintza, eta 6 urtetik 16 urtera bitartekoentzat dago zabalik. Eguenero emango dituzte tailerrak, urriaren 7an hasita, adin ezberdinetan banatutako ordutegian.
Urtero modura, Taichi eta Gimnasia Luzaketak ere egongo dira aukeran. Momentuz leku gutxi batzuk geratzen dira, baina ikastaroak irauten duen bitartean aforoa handituz gero, izena eman ahalko dela argitu dute kulturguneko arduradunek.
Beste ikastaroetan ere, izen emateko epea amaitutakoan, libre geratzen diren lekuetan izena eman ahalko da.
HONA HEMEN IKASTAROETAKO BIDEOA: