Jabi Patxon: "Maitasun eta errespetu handiz egindako abestiak dira"
Proiektu berri bat dauka esku artean Jabi Patxon musikari lekeitiarrak. Bertsioen disko bat kaleratuko du. Oraingoz kanta bat eman du ezagutzera, baina bigarrena ere bidean dauka. Gutxi gorabehera hilabete barru egongo da entzungai.
Jabi Patxon musikari lekeitiarraren Aingeruak abestiaren bideoklipa Euskadi Gazteako bideoklip ikusienetako bat izan da abuztuan. Aingeruak lekeitiarrak kaleratuko duen bigarren bakarkako diskoaren lehen singela da, eta bere arrakasta ezusteko bat izan zen Patxonentzat.
Pandemia garaian kaleratu zuen musikari lekeitiarrak bere bakarkako lehen lana, aurretik eginak zituen abestiekin, eta bigarrenerako ez da asko itxaron behar izan. Oraingoa sei edo zazpi abestiko diskoa izango da, eta bertsioak izango dira denak. Gustuko dituen artisten abestiak edo zerbait esaten dioten ingeleseko kantak aukeratu eta euskaratu ditu eta horien arteko aukeraketa bat jasoko du diskoan. “Itzulpenak egitea ez da erraza, ingelesak berba gutxigaz gauza asko esaten ditueta. Euskaraz idazterakoan luzeagoa irteten zaizu, baina gustura topatu nintzen. Egia esanda, beti gustatu zait bertsioak egitea, lehen bertsioak egiten zituen talde batean jotzen nuen, eta hau bitarteko bat da”.
Musikari dagokionez, ez da asko urrunduko originaletatik, zortzi-bederatzi kanta egin ditu, eta horietako batzuk grabatu eta diskoari forma emango dio. “Oraindik disko berrian zeintzuk joango diren ez dakit zehazki, momentuz, grabatzen hasi naiz eta Durangoko azokarako disko berria kaleratzea gustatuko litzaidake. Dena dela, ordurako prest egoteko denborarik ez badit ematen ez naiz arduratuko. Uda igarota, berehala heltzen da azoka, eta nire moduko afizionatuentzako grabaketak egitea ez da erraza izaten”.
“Lehenengo abestia Elliott Smith abeslari estatu batuarrarena da. 90eko hamarkadako musikari bat. Abesti oso politak dauzka”
Iazko azokan parte hartu zuen Patxonek. “Gogoa neukan bertan egoteko, baina momentu berean hainbat lan berriren artean bereiztea oso zaila da. Hala ere, pozik nago, nire diskoak harrera polita eduki zuen eta. Ez zen saldu asko, baina Spotify-n banituen jarraitzaile batzuk”.
Hori dela eta, disko berriaren kopia batzuk egingo ditu, baina ez gehiegi ere. “Aterako dut horrelako tirada txikitxo bat, jarraitzaile fidelentzat”. Dionez, CD-ena indarra galtzen ari den merkatua da. Hala ere, musikari lekeitiarrari gustatzen zaion formatua da. “Spotify-n baino hobeto entzuten da musika”. Horregatik aukeratu du berriro ere formatu bera.
“Disko honetan Urdulizko baxu-jotzaile eta gitarra-jotzaile batzuekin lagunduta egongo naiz”
Proiektu berri horretarako musikari eta teknikari batzuez inguratu da Patxon. “Garrantzitsua da jende onagaz inguratuta egotea. Aurreko diskoan bakarrik aritu nintzen, eta Iker Ezkurtzak egiten zituen grabaketak eta konponketak. Oraingoan, berriz, Urdulizko baxu-jotzaile eta gitarra-jotzaile batzuekin lagunduta egongo naiz”. Tartean musikari ezagunak ere badirela aipatu du lekeitiarrak, “maila handikoak”.
Elliott Smith. Oso abesti ezagunak dira aukeratu dituen batzuk, beste batzuk, ostera, ez. “Maitasun eta errespetu handiz egindako abestiak dira”. Oraingoz, prestatzen ari den disko berriko abesti bakarra kaleratu du, Aingeruak (Angeles). “Lehenengo abesti hori Elliott Smith abeslari estatu batuarrarena da. 90eko hamarkadako musikari bat. Oso musikari ona zen, eta abesti oso politak dauzka”. Haren omenez aukeratu du kanta. “AEBetako Los Angeles hiriburuari kantatzen dio. Artista asko joaten dira bertara amets askogaz arrakastaren bila, baina, azkenean, batzuk ailegatzen dira, eta beste asko bidean geratzen dira. Hala eta guztiz ere, beti gelditzen gara Ospearen Ibilbideko izarretan agertzen diren horiekin. Hortaz ari da. Bera ere musikari moduan sartu zen industria horretan, baina gero, pixka bat erabili egiten zaituztela dio. Gai horren ingurukoa da kanta”.
“Batzuek bertsioak egiten dituztenean asko eraldatzen dute abestia, baina nik ia ez dut aldatu”
TAOM estudioko Jagoba Ormaetxeak egin dio abesti horren produkzioa. “Gitarra akustikoagaz egin zituen moldaketak. Biok jo genuen, eta originalaren nahikoa berdintsua egin genuen. Batzuek bertsioak egiten dituztenean asko eraldatzen dute abestia, baina nik ia ez dut aldatu. Beste gitarra bat gehitu diot, baina ia-ia originalaren modura dago”.
Bideiklipa. Irudi aldetik bideo oso sinplea sortu duela dio. “Nire koinatuak lagundu zidan. Argazki batzuk aukeratu nituen, eta muntaia bat egiten dut, argazki eta musikagaz batera Los Angeles hiriari omenaldi bat eginez”.
Bideoklip hori Euskadi Gazteako bideoklipen artean zegoen, baina ez zuen espero ikusienetako bat izatea. “Beti itxaroten duzu gustatzea, baina lehen postuetan ikustea arraroa egiten da”. Bertsioak jendeari jakin-mina eragiten dio bere ustez. “Elliott Smith kultuko artista bat da. Musika oso sentsiblea egiten zuen. Euskarara itzultzerakoan gaitza da %100 abestiak esaten duena adieraztea, adiera batzuk galtzen dituzu, baina bidean gehitzen dizkiozu beste gutxi batzuk euskaraz, agian berak ez zituenak ipini, baina hari berdinean doazenak. Bere lanaren esanahia mantendu eta nire gauza batzuk gehitzea gustatzen zait, galtzen diren horiek konpentsatzeko. Nahikoa berdina, baina bere ñabardurekin”.
“Abesti bat egin nuen, eta jarraitzeko ziztada sentitu nuen”
Disko berriaren aurrerapen modura pare bat single ateratzea du asmoa. Beraz, Aingeruak kantagaz gain, laster egongo da entzungai bigarren abestia ere. Gero, ez du aterako gehiago. “Beste lau edo bost abesti joango naiz grabatzen Durangoko Azokari begira, denbora ez badit ematen, Olentzerori begira, eta bestela, udaberriari begira”.
Bigarren singlea amaitzen ari da, eta hilabete inguruan kalean egotea itxaroten du. Jose Manuel Sampedro Xampe PLTko bateria-jotzailea izan zenak daukan Koba estudioan grabatzen ari da. “Aurreko diskoa Sestaon egin nuen Ikerregaz, eta bigarrenerako ere beregana jo nuen, baina Iker nahastuta ibili da. Abesti bakoitza talde ezberdinagaz egitea nuen lehenengo ustea, baina Koba estudioan jarraitzea hobe dela uste dut, bestela, nahaste handiegia izango da”.
Maitalea eta lapurra. Lekeitiarra Bob Dylanen disko batean oinarritu da bere disko berriari izena jartzeko. “Bob Dylanek badauka album bat Love And Theft (Maitasuna eta Lapurreta) deitzen dena, eta bertsioen disko batentzat polita izan litekeela pentsatu nuen. Ni ere lapur bat bezala sentitzen naiz, alproja baten modura, baina ez da lapurreta bat, mailegu bat da”.
Patxonen arabera, musikan hainbat urte daroazenean egiten dituzte bertsioak batzuek, baina berari orain etorri zaio eginbeharra. “Abesti bat egin nuen, eta jarraitzeko ziztada sentitu nuen. Nik nire musikan inbertitzen dut, eta beti ilusioagaz nago musikan ikasten jarraitzeko eta jendeari proposamenak egiten jarraitzeko”.