Bigarren Pintxo Bidea antolatu dute Markina-Xemeinen
Zortzi tabernak parte hartuko dute Hemen be bai elkarteak antolatuta eguenetik domekara [irailaren 23tik 26ra] egingo den sukaldaritza ekimenean.
Bigarren Pintxo Bidea antolatu du Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari eta ostalari elkarteak. Herriko zortzi tabernak parte hartuko dute sukaldaritza ekimenean: Iruzubik, Ilunpek, Narokik, Patxuak, Vegak, Irurokek, Mugarrik eta Mendibilek. Horiek guztiek beren beregi lehiaketarako prestatutako zortzi pintxo dastatzeko aukera egongo da eguenetik domekara [irailaren 23tik 26ra].
Eguerdian eta arratsaldean egongo dira lehiaketako pintxoak salgai 1,30 euroko prezioan. 12:30-14:30 eta 18:30-21:30 ordutegia zehaztu du Hemen be bai elkarteak. Taberna bakoitzak lehiaketara aurkezten duen pintxoaren argazkia edukiko du bistara, eta osagaiak ere jakinaraziko dituzte.
Pintxo onena aukeratzeko, epaimahaia eguenean [irailak 23] igaroko dela jakitera eman dute. “Establezimendu guztietatik igaroko dira pintxoaren xehetasun guztiak ezagutu eta baloratzeko. Kontuan hartuko dira, zaporea, testura, prestatzeko zailtasuna eta itxura”. Epaia, berriz, aurrerago emango du jakitera Hemen be bai elkarteak, eta sariak udaletxeko osoko bilkura aretoan emango dituzte aurten. Hiru sari banatuko dituzte. Sari bi lehiaketan parte hartzen duten ostalarientzako izango dira: pintxo onenaren 100 euroko saria eta 50 euroko 0km saria. Horrez gain, beste sari bat zozkatuko dute bezeroen artean.
Bezeroen saria. Bezeroen saria lortzeko triptiko batzuk osatu beharko dira. “Probatu den pintxoari dagokion laukitxoan zigilua jartzen joan behar da, eta zortzirak osatutakoan triptikoa elkartearen buzoira bota behar da, bertan eskatzen diren datuak beteta”. Triptikoak tabernetan euretan egongo dira eskuragarri, eta Hemen be bai elkarteak Artibai kalean daukan buzoira bota behar dira. Irabazleak herriko dendetan gastatzeko 50 euroko txartela lortuko du.