Egoerara egokitutako Santa Eufemi jaiak ospatu dituzte
40. Ermitara Igoeran Julen Aranguena eta Maialen Zamakola izan dira nagusi, eta 31. Irrintzi Txapelketa Nerea Foruriak irabazi du. Kontzertuek jende asko erakarri dute.
Abilak dira aulestiarrak festa giroan murgiltzen. San Joan jaietan herri giroan ibili eta gero, herritarrak Santa Eufemi jaiak ospatu dituzte orain. Iaz ez zen horretarako aukerarik egon, baina aurten egoerara egokitutako jaiak antolatzearen alde egin du udalak. Eguenetik domekara bitartean, Aulesti ospakizun leku bilakatu da, eta, beste behin ere, Urregarai mendia herritarrez bete da.
Eguenean ume eta gaztetxoentzako ekintzak egin eta gero, barikuan Olatz Salvadorren kontzertuagaz gozatu ahal izan zuten herritarrek parkean. «Jende asko egon zen eserita, eta atzean zutik ere bai. Orokorrean, jendea gustura egon zela esango nuke», adierazi du Ainhoa Galdos Aulestiko Kultura zinegotziak. Gainera, eguraldiak ere justu-justu baina eutsi egin ziola esan du.
Domekan, ostera, egun berezia ospatu zuten herritarrek. Ondo-ondo prestatu eta Santa Eufemirantz abiatu ziren. Han, besteak beste, urteroko hitzorduak zituzten zain: 40. Ermitara Igoera eta 31. Irrintzi Txapelketa.
23 korrikalari. Lasterketan 23 parte hartzaile egon ziren, eta azkarrenak Julen Aranguena eta Maialen Zamakola izan ziren. Aulestiarren artean, ostera, Igor Urionabarrenetxea eta Izaro Aranburu izan ziren nagusi.
Irrintzi txapelketak ere jendea erakarri zuen, eta parte hartu zuten guztien artean, Nerea Foruriak eskuratu zuen saria. Arratsaldean Bolo Txapelketa egin zuten; 36 bolarik parte hartu zuten eta 9 txirlogaz Iker Arizmendiarrieta izan zen irabazlea.
Ospakizunekin amaitzeko, Santa Eufemin bildutakoek Anariren kontzertuagaz gozatu zuten. «Horretan ere jende asko batu zen».
Udal ordezkariek azpimarratu dute pandemia dela-eta ekintza guztiak ezin izan direla beti bezala egin. «Dena dela, uste dugu jendea gustura egon zela».