Iurdan Garcia markina-xemeindarra, Bizkaiko txapeldun
Lehen urteko kadeteen mailota jantzi zuen Garciak atzo [irailak 19], Etxebarrian. Bigarrena geratu zen Etxebarriko IV. Sari Nagusian. Gorka Corresek (Zadorra) irabazi zuen Etxebarriko proba.
Iurdan Garcia markina-xemeindarrak Bizkaiko lehen urteko kadeteen mailota jantzi zuen atzo [irailak 19], Etxebarrian. Atzo goizean lehiatu zen Etxebarrian IV. Sari Nagusia, eta bertan erabaki ziren Bizkaiko kadeteen lehen eta bigarren mailetako txapeldun berriak ere. Iker Bonillarentzat izan zen bigarren mailako txapela, eta bi txirrindularien taldeak, Zornotzako Ekin taldeak, Bizkaiko zein Etxebarriko IV. Sari Nagusiko taldekako saria irabazi zuen.
Gutxi gorabehera 100 txirrindularik parte hartu zuten Amets Txurruka Lagunartiek eta Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak Etxebarriko Udalaren laguntzagaz antolatutako proban. Lasterketa azken zuzengunean erabaki zen. Ondarroara arte batera joan zen tropela, nahiko lasai, baina kostako bidean, Ondarroatik Lekeitiora bitartean, abiadura hartu eta luzatu zen taldea, eta atzean geratzen hasi ziren txirrindulari batzuk. Ondarroatik Munitibarrera tropela berriro lasaitu egin ziren eta 80 bat txirrindulariko talde handi bat batu zen buruan.
[Ikusi ARGAZKI GALERIA zuzenean]
Gontzugaraigane mendatea gune erabakigarria izan zen. Munitibartik Gontzugaraiganera bitartean tiraka hasi ziren txirrindulariak, eta mendatetik behera abiadura hartu zuten. Horrela, bost txirrindulariko talde bat izan zen Etxebarrira iristen lehenengoa. Zadorra taldeko Gorka Corres (01.38.14) barrutik sartu zen Barinagarantz hartzeko errebueltan, eta esprintean aurrea hartuta, lehenengoa izan zen helmuga zeharkatzen. Haren gurpilean igaro ziren helmuga azpitik Iurdan Garcia markina-xemeindarra (Ekin), Beñoi Diaz de Garayo (Arabarrak), Iker Bonilla (Ekin) eta Kaiet Iribarne (Aprrentissega). Horien atzetik beste bost txirrindulari iritsi ziren eta 30 segundora pilotoiaren zati handiena.
Bizkaiko txapelketako sariak banatu zituzten lehenengo, eta Ekin taldekoek eraman zituzten sari gehienak, baita taldekoa ere. Lea-Artibaiko hiru txirrindulari ari dira talde horretan: Bizkaiko txapelketa irabazi duen Iurdan Garcia markina-xemeindarra, Jon Elorriaga markina-xemeindarra eta Etxebarriko Alain Txurruka. Bizikletako katea irten eta ahaleginak egin zituen arren lasterketatik kanpo geratu zen Elorriaga; Txurrukak, berriz, 26. postuan amaitu zuen proba.
Idoia Odriozola Lejardi eta Aitor Iruguenpagate Zarandona Etxebarriko Udaleko zinegotziek banatu zituzten Etxebarriko Sari Nagusiko sariak ondoren, eta eskualdeko lehenengo txirrindulariarentzako saria ere Iurdan Garciarentzat izan zen.
Lasterketaren antolatzaileek aurreratu zutenez, datorren urtean Euskadiko Txapelketa antolatzea dute helburu.
SAILKAPENAK:
[Ikusi SAILKAPEN OSOA] :
- Gorka Corres (Zadorra)
- Iurdan Garcia (EKIN)
- Beñoi Diaz de Garayo (Arabarrak)
- Iurdan Garcia (EKIN)
- Ander Duñabeitia (EKIN)
- Markel Monasterio (EKIN)
- Iker Bonilla (EKIN)
- Ander Irazabal (URDAIBAI)
- Ander Garcia (GASTRONOMIA VASCA)