Ondarroak zazpigarren amaitu du liga
Ligaren azkenengo estropadan bosgarren sailkatu da talde ondarrutarra. Santurtzi jaun eta jabe izan da ligan, eta asteburuan ere bere nagusitasuna agerian geratu da.
Arraun ikuskizuna amaitu dute. Eusko Label Ligaren azken paladak atzo (irailak 19) eman zituzten, eta ohi legez, Portugaletek hartu zuen ligaren azkenengo estropada. Ondarroa zazpigarren eta bosgarren sailkatu zen Bermeon zapatuan, eta Portugaleten atzo, hurrenez hurren.
115 puntugaz zazpigarren amaitu du liga talde ondarrutarrak. Urte berezia izan da aurtengoa; klubaren historian esanguratsua izan da. Izan ere, TKE LiganĀ bere lehen bandera irabazi zuen uztailaren 11an. Zierbenako 38. Petronor Banderan azkarrena izan zen.
Santurtzi jaun eta jabe izan da ligan, eta asteburuan ere bere nagusitasuna agerian geratu da. Soterakoek eskuratu dituzte asteburuko bi banderak. Ligaren txapeldunak zortzi bandera irabazi ditu, eta 217 puntu bildu ditu ligan, Hondarribia bigarrenak baino hamalau puntu gehiago.
Play off-ak. Bestalde, Getaria, Kaiku eta Tolosaldea izan dira asteburuko beste protagonistak. Igoera eta jaitsiera kanporaketak jokatu dituzte, eta hiru talde horiek datorren urtean gorengo mailan aritzeko txartelak bereganatu dituzte.
Gizonezkoetan, Getaria, Kaiku, Tiran, Samertolameu eta Bueu lehiatu dira Eusko Label Ligaren bi postuen arteko borrokan. Emakumezkoetan, berriz, Tolosaldearen, Deustoren, Hondarribiaren eta Caboren artean erabaki da Euskotren Ligan aritzeko txartel bakarra.
LIGAREN SAILKAPENA:
- 1.- Santurtzi 217 puntu
- 2.- Hondarribia 203 puntu
- 3.- Orio 177 puntu
- 4.- Donostiarra 176 puntu
- 5.- Zierbena 172 puntu
- 6.- Bermeo 154 puntu
- 7. Ondarroa 115 puntu
- 8.- Cabo 102 puntu
- 9.- Ares 82 puntu
- 10.- Lekittarra 73 puntu
- 11.- Tiran 55 puntu
- 12.- Zarautz 44 puntu