Sanmigeletan ez dutela ekintzarik egingo esan du Arretxinagako Jai Batzordeak
Diotenez, ekintza batzuk antolatuta zituzten, baina udaletik ezarritako baldintzekin "ezinezkoa" egiten zaie egitarauari eustea.
Xemeingo Arretxinaga Jai Batzordeko kideek erabaki irmo bat hartu dute: aurten ere ez dute ekintzarik egingo San Migel jaiak ospatu behar liratekeen egunetan. 44 urte daramatzate San Migel jaiak antolatzen eta ospatzen, eta iaz eta aurten “ezinezkoa” izan dela diote. “Kultura segurua dela sinetsita ekintza batzuk antolatuta eduki ditugu: antzezlana, ipuin kontalaria umeentzako, kantaldia, bertso saioa… Beti ere aforoa eta unean indarrean dauden neurriak errespetatuta. Baina udaletik ezarri dizkiguten baldintzetan ezinezkoa egiten zaigu egitarau horri eustea”.
Hala, eta “pena handiz”, antolatuta zituzten ekintza guztiak bertan behera utzi dituztela esan dute. “Azalpen gehiegi barik, badakizue guk erabiltzen dugun espazioa aire librean dagoela eta estali ezean, ezinezkoa dela ezer egitea”. Gaineratu dute batzordea osatzen dutenentzako “zaila” izan dela azken erabakia hartzea, “arrazoi askorengatik“. Alde batetik, esan dute jakitun direla euren “ahuldadeaz” eta horrenbeste urte eta gero bigarren urtez jarraian huts egitea batzordearen egonkortasunerako “arriskutsua” izan daitekeela. “Bestetik, kultura arloan hainbesteko gabezia dagoen honetan sektore horri gure urteroko ekarpena egin nahi geniolako, jakin badakigu-eta kultura segurua izan daitekeela baldintza egokietan egiten bada”. Baina arrazoi horiez gain, beste bat ere azpimarratu nahi izan dute, aurrekoak gutxietsi barik: “Markina-Xemeingo jai nagusietako bat izanda bertan behera uztea guretzako mingarria ere badelako”.
Esandakoak esanda, 2022an San Migel jaiak “merezi moduan” ospatzeko aldarriaz amaitu dute oharra. “Gora Arretxinaga eta gora sanmigelak!”.