Garbigune mugikorra ipini dute Alamedan
Zerbitzua urriaren 5era arte egongo da erabilgarri. Aldundiak eskaintzen duen zerbitzua modu iraunkorrean emateko eskatu du Eguzkik.
Garbigune ibiltaria bi astez egongo da Ondarroako Alamedan, Kafeatze pasealekua hasten den tokiaren parean. Urriaren 5era arte, 24 orduz eta nahieran, hondakin bereziak modu zuzenean batu eta birziklatzeko aukera edukiko dute ondarrutarrek, herritan bertan eta garbigunera joan beharrik eduki barik. Bizkaiko Foru Aldunditik azaldu dutenez, “birziklapenaren kontzeptua Bizkaiko herritarrentzat errazagoa eta hurbilago” egitea da garbigune mugikorren helburua. “Asmoa da ohiko garbiguneetara joateko aukera emateaz gain, udal mugarte barruan bertan ere egin ahal izatea”.
Edukiontzi horietan etxeetan sortutako hondakinak jasoko dituzte. Gogorarazi dutenez, ezin dira tresna handiak laga, soilik edukiontzian sartzen direnak onartutako direla esan dute. Honakoak dira onartutako hondakinak: etxetresna txikiak, sukaldeko tresneria, etxeko olioa itxitako ontzietan, telefono mugikorrak, kableak, margoak eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tintazko kartutxoak, metalezko kapsulak, plastikozko kapsulak, pilak, CDak, DVDak, kaseteak eta erradiografiak.
Aldundiak garbigune mugikorren zerbitzua ematea oso positibotzat jo du Eguzkik. Birziklatzea herritarren artean sustatzeko zerbitzu bat herritarren eskura ipintzea “onuragarria” dela diote, baina zerbitzu hori lantzean-lantzean eskaini barik, “modu iraunkorrean” eskaini beharko litzatekeela uste dute. Horretarako, Debabarrenean egiten den modura, herri bakoitzean puntu garbi bana jartzeko eskaera egin dute.
Euren iritziz, herritarrei hondakinak uzteko oraindik ere “erraztasun gehiago” eman behar zaie. “Modu horretara gehiago eta hobeto birziklatuko litzatekeela uste dugu. Ondarroan, esaterako, gure aldarrikapen historikoetako bat da herrian bertan garbigune finko bat eraikitzea. Bere garaian, saihesbidea amaitu ostean Errenterian garbigune bat eraikiko zutela agindu zigun aldundiak, eta oraindik ez da gauzatu. Garbigune finko bat eraikitzea ezinezkoa baldin bada, modu ibiltarian erabiltzen diren garbigune mugikor hauetako bat modu iraunkorrean jartzea eskatzen dugu. Bizkaiko udalerri guztietan, gutxienez, halako zerbitzu bat ematea komenigarria izango litzatekeela iruditzen zaigu”.