Herri txikietan mediku kontsulta jasotzen jarraitu nahi dutela aldarrikatuko dute Lekeition
'Mediku kontsulta herrian behar dugu' lelopean uztailaren 24rako deitu zuten eta bertan behera utzi behar izan zuten manifestazioa egingo dute zapatuan [irailak 25], Lekeition.
Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrek deituta, Mediku kontsulta herrian behar dugu lelopean, manifestazioan aterako dira Lekeitioko plazatik, zapatuan [irailak 25], 12:30ean. Hain zuzen, uztailaren 24rako deituta zegoen manifestazioa bertan behera utzi zuten orduko osasun egoeragatik, eta orain egitea erabaki dute.
Mendexako eta Amorotoko kontsultategietan maiatzaren 17tik daude medikuaren aurrez aurreko arreta gabe. Horretarako Lekeitioko osasun zentrora joan behar dute. Euren kontsultategietako sendagilearen plaza ez du inork ordezkatu: “Gure plaza ez da bete edo ez da atera, ez dakigu. Birritan esan digute arazoa konpontzeko asmoa bazegoela, baina guk dakigula oraindik ez da ezer egin. Asmoa da gure herriotako ordezkariek Osakidetzarekin batzarrak egiten jarraitzea. Herri txikiak zergatik geratu behar gara zerbitzu hori barik? 40 urtetan eduki dugu, eskatzen duguna ez da gauza berria, geneukan gutxieneko zerbitzua mantentzea eskatzen dugu. Jendeak kexak eta arazoak ditu, jendea larri dabilela ikusten dugu”. Ez dute “etsiko”. Argi daukate herri txikietan gutxieneko zerbitzuak behar dituztela, eta eskubidea daukatela, eta horren alde egingo dute.
“Gure ustez, kontuan hartu beharko lituzkete gure herriotako biztanleriaren ezaugarriak, adina eta urruntasuna, adibidez. Osakidetzak zerbait egin beharko du gure herrietarako sendagileak lortzeko”
Bestalde, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako eta Ispasterko bizilagunek udan aldizka Lekeition jaso dute osasun arreta zerbitzua.
Mendexarrak eta amorotarrak itxaroten daude, eta Osakidetzaren arduradunekin batzartzeko asmoa daukate. “Orain arte dakiguna, batez ere prentsatik dakigu. Diote ez dagoela medikurik, ez dutela topatzen medikurik. Batzar baten zain gaude, eta bitartean gurea eskatzen jarraituko dugu, ate guztiak jotzen, mobilizatzen… gure aldetik egin ahal dugun guztia egiten. Gure ustez, kontuan hartu beharko lituzkete gure herriotako biztanleriaren ezaugarriak, adina eta urruntasuna, adibidez. Osakidetzak zerbait egin beharko du gure herrietarako sendagileak lortzeko. Ez dakigu ze baldintzetan eskaintzen dituzten plaza hauek, izan ere, ez dugu sinisten inor ez dagoenik”.
Ondorioak nabaritzen ari dira: “Gure herrietan medikuarengana joateko txanda atzeratzen ari da jendea. Gaixotasun kronikoak dituztenak, aldiroko azterketak behar dituztenak… atzeratzen ari dira, eta jendearen osasunaren kalterako da. Eta erreferentziazko mediku bat ez edukitzea, zoramena da. Bakoitzean bat egokitzen zaigu, eta horrela ezin dugu jarraitu. Gure historia-klinikoa edota gure gaixotaunen jarraipena egiten duen inor ez daukagu. Horrela ezin dugu jarraitu; gure osasunaren kalterako izango da”.
Mendexako eta Amorotoko kontsultategietan erizaina bakarrik egoten da: “Erizaina lehen etortzen zen moduan, astean bi egunetan etortzen da”.