Ikasturte berriari ongietorria emateko saioak antolatu ditu Itaiak
Lea-Artibai eta Mutrikuko Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak ikasturte berriari hasiera emateko aurkezpen sorta antolatu du. Aurkezpenak Mutrikun, Lekeition eta Ondarroan egingo dituzte. Barikuan [irailak 24] egingo dute lehen aurkezpen saioa. 19:00etan ipini dute hitzordua, Zabiel kultur etxean. Hurrengo bi saioak datorren astean egingo dituzte. Lekeition, urriaren 1ean batzeko deia egin dute; 18:30ean Gaztetxean ipini dute hitzordua. Urriaren 2an, berriz, Ondarroako Kofradia Zaharrean egingo dute saia, 12:30ean hasita.
Eskualdeko Itaiako ordezkariek azaldu dutenez, formatu berean egingo dituzte hiru herrietako aurkezpenak. “Orain arte Itaiatik aurrera eraman dugun jardunari buruzko errepaso bat emango diogu lehendabizi. Horren ostean, ikasturte berriari begira zer ekintza eta erronka aurrera eraman nahi ditugun ere azalduko dugu. Nahi duen jende guztiari bertaratzeko gonbidapena luzatzen diogu. Edozein zalantza argitu edota gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi lasai gure sare sozialetara”.