Lekeitioko Urpeko Taldeak Lekeitioko portua garbituko du
VII. Hondartzen eta itsas hondoen nazioarteko garbiketa handia itsas zaintzaileen kanpainan parte hartuko dute Dzanga piragua taldeagaz eta Lekeitioko Udalagaz batera. Zapatuan [irailak 25] egingo dute garbiketa.
Lekeitioko Urpeko Taldeak VII. Hondartzen eta itsas hondoen nazioarteko garbiketa handian parte hartuko du zapatuan [irailak 25] Dzanga piragua taldeagaz eta Lekeitioko Udalagaz batera. Oraingoan, portuko hondoa garbitzea dute helburu, tabernen aldera dagoen zatia.
Lekeitiotik hurre dagoen kostaldearen zati bat ere garbitzeko asmoa zeukaten, San Juan Talako ingurunea, hain zuzen ere, baina itsasoaren egoera ikusita, metro eta erdiko olatuak itxaroten dira, portuaren garbiketara mugatuko direla azaldu du Angel Ugarteburu Mendikute Lekeitioko Urpeko Taldeko kideak.
Ugarteburuk argitu duenez, portuko ur azpian aurkitzen dituzten maskara, eskularru, botila eta potoak guztiak batuko dituzte. Ordea, oraingoan ez dute Lebazaleen azpia ukituko. “Lebazaleen azpian beti aurkitzen ditugu gurpil pila bat, beti garbitu dugu guk, baina profesionalek egin beharreko lana dela ikusten dugu. Gurpilak altxatzen ditugun bakoitzean lokatza altxatzen da, eta dena lohitzen denez, ezin dugu garbitu ezer ere ez”.
10:00etatik 12:00etara egingo dute garbiketa. Puntu bakoitzean bi urpekari egongo dira, eta goian piragua bat egongo da urpekariek betetzen dituzten zaborren sareak jaso eta moilara eramateko. “Urpeko taldeko 24 urpekarik parte hartuko dugu eta beste hamar edo hamabi lagun egongo dira kanpoan piraguetan”. Moilan ere boluntarioak egongo dira zabor guztia edukiontzietan sartzeko. “Udaletxeak prestatu ditu edukiontzi batzuk zaborra birziklatu eta botatzeko eta piraguetakoek daramaten zabor guztia eramango dute edukiontzietara”.
Aurten, urpeko taldeko urpekariek eta piragua taldekoek egingo dute garbiketa. Beste urte batzuetan, ikasleen laguntza ere eduki dute, baina azken aldian, pandemia dela-eta ezin izan dute horrela egin. “Orain dela bi urte, hitzaldi batzuk eman nizkien ikasleei, eta eurekin batera hondartzak garbitu genituen. Baina, aurten ere, ezin izan da ekintza hori egin, eta datorren urterako utzi dugu”. Hitzaldien bidez eta ekintza ezberdinekin ikasleengana hurreratu eta hondakinen arazoaz kontzientziatzea dute helburu. “Gazteei birziklapenaren gaia helarazi nahi diegu, eta helduenei, Bigarren Hezkuntzan daudenei, mikroplastikoen arazoa“.