Mutrikuko olatu planta doan bisitatu ahalko da domekan
Domekan [irailak 26] hiru irteera egingo dituzte, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen webgunean egin behar dira erreserbak.
Asteklima ekimenaren baitan, Euskal Kostaldeko Geoparkeak Mutrikuko Olatu plantara doako bisitak antolatu ditu. Ikus-entzunezko batez lagunduta, itsasoaren indarretik energia lortzeko zer-nolako teknologiak erabiltzen diren ikusiko eta ikasiko dute parte hartzen dutenek, eta munduan erreferentea den instalazioa gertutik ezagutuko dute.
Domekan [irailak 26] hiru bisita eskainiko dituzte: 11:00-12:00 (gaztelaniaz), 12:00-13:00 (euskaraz)eta 13:00-14:00 (gaztelaniaz). Erreserbak Geoparkearen webgunean egin behar dira, #asteklima deskontu kodea erabiliz.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatzen du Asteklima, eta Klimaren eta Energiaren Astearen baitan antolatzen dute.
2011 urtez geroztik, Mutriku mugarria da olatuek sortutako energiaren historian; izan ere, bertan dago olatuen energia aprobetxatzen duen munduko lehen merkataritza planta.