Arrigorri hondartzako kutsadura maila "asko" jaitsi dela dio Jaurlaritzak
Ondarroako Udalak jakinarazi du oraindik ere kutsadurak hor egoten jarraitzen duela, baina 15 minutu baino gutxiagoko bainuak hartzea posible dela esan dute.
Uraren kalitateari buruzko ohiko analisia egin ostean, legionella maila altua atzeman zuten atzo goizean [irailak 23] Ondarroako Arrigorri hondartzan. Ondorioz, bainua debekatu egin zuten. Gaur [irailak 24], baina, kutsadura maila “asko” jaitsi dela esan du Jaurlaritzak. Horren aurrean, Ondarroako Udalak esan du 15 minutu baino gutxiagoko bainua hartu daitekeela. “Bainua hartu eta gero dutxatzea gomendatzen da”.
Atzo erregistratutakoa. Legionella bakteria gehiegizko kantitateetan aurkitu zuten atzo. Eusko Jaurlaritzaren Bizkaiko bainu eremuaren kontrol sanitariorako programaren ordezkariek esan zutenez, martitzenean [irailak 21] egindako euri jasek legionella bakteriaren maila altua eragin zuten hondartzako uretan. 500 NMP/100ml-tan ezarrita dago muga, baina Ondarroan 20 bidar gehiago neurtu zuten: 10.462 NMP/100ml.
Eguaztenean [irailak 22] egindako neurketen emaitzak atzo [irailak 23] jaso zituzten, eta orduan hartu zuten bainua debekatzeko erabakia. Legionella, normalean, ur gozoetan edo ibai eta lakuetan egoten den bakteria dela esan zuten, baina azken egunetako euri jasen ondorioz ibaian behera etorri eta hondartzako uretan amaitu zuela esan zuten. Osasun Sailak egunero jarraituko du uraren kalitatea aztertzen, harik eta bainurako irizpideak betetzen dituela egiaztatu arte. Kutsatutako eremua “oso mugatuta” dagoela esan dute.