Usotegiko uzta jaso du Lekeitioko Elikagaien Bankuak
Lekitto Bedarreko kideek esan dute aurten hamaikagarrenez ematen diotela Usotegiko uzta Elikagaien Bankuari.
Letxugak, patatak, piparrrak, berenjenak eta kalabazinak. Herrian hazitako uzta hori guztia jaso dute Lekeitioko Elikagaien Bankukoek Lekitto Bedarra herriko ortularien elkartekoen eskutik. Zehaztu dutenez, hilabete honetan bigarrenez eman diote Usotegiko uzta Elikagaien Bankuari. “Aurten hamaikagarrenez ematen diegu uzta. Hurrengo uzta urriaren amaieran emango diegu”.
Azpimarratu dute Elikagaien Bankuak herriko 80 familia baino gehiagori banatzen dizkiela jakiak. Eta azken deialdietan egin modura, taldera batzeko edota taldeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko gonbitea luzatu diete. “Lekitto Bedarrak ere elkarlanerako eta integraziorako eskaintza egin dio taldeari”.