Herri txikietako ehunka bizilagunek mediku kontsultarik barik jarraitzen dutela salatu dute Lekeition
Independentzia plazatik hasita osasun etxerainoko bidea egin du Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrek deitutako manifestazio zaratatsuak. Arazoa konpontzeko "berba asko" entzun dituztela esan dute, "baina ekintza gutxi ikusi".
Herri txikietako ehunka herritarrek zeharkatu dituzte gaur [irailak 25] goizean Lekeitioko kaleak euren herrietako mediku kontsultak berriro ere zabaltzea aldarrikatzeko. Esan dutenez, “azken aldian berba asko entzun dituzte, baina ekintzarik ez dute ikusi oraindik”. Beraz, kalean jarraituko dute “harik eta lortu arte”. Gaurkoan Independentzia plazatik hasita osasun etxerainoko bidea egin du Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrek deitutako manifestazio zaratatsuak, portutik, talatik eta Eskolapetik igarota.
Osasun Etxearen aurrean eman dute egungo egoeraren berri. Jakitera eman dutenez, maiatzeko egoera berdinean aurkitzen dira Mendexa eta Amorotoko herritarrak. “Egoera konpontzeko ahaleginetan dabiltzala esaten dute, mediku falta dela arrazoia. Guk hori ez dugu zalantzan ipintzen, baina erantzun bat eskatzen dugu”.
Mediku falta horren atzean “Osakidetzaren aurreikuspen falta” dagoela gaineratu dute, eta Mendexa eta Amorotoko bizilagunek ez daukatela zertan aurreikuspen falta hori ordaindu. “Horregatik eskatzen dugu egoera hau berraztertzea eta berrantolatzea, herri txikiok zerbitzu hau galtzea ez dugulako onartzen”.
Osasun zerbitzurik ezak adinekoengan oraindik eragin handiagoa daukala nabarmendu dute. “Herri txikietan zahartzaro indizea oso altua da, askok mugikortasun arazoak dituzte, eta mediku kontsultara joateko mugitu beharrak eta Lekeitiora etorri beharrak pertsona horien dependentzia egoera larritu baino ez du egiten”. Kasu gehienetan garraio publikoaren maiztasuna ere “oso eskasa” dela gaineratu dute.
“Ez gara bigarren mailako herritarrak, eta gure herrietan mediku kontsulta berriro eduki arte kalean jarraituko dugu; geure herrietan bizi nahi dugulako eta herritarrentzako herri eroso eta bizigarriak nahi ditugulako hemen jarraituko dugu eta osasun publikoa eta kalitatezkoa herritar den denen eskubidea delako hemen jarraituko dugu”, azpimarratu dute.