Yasshine Bih Bih eta Miriam Martinez bilbotarrak, lehenengoak V. Ondarru-Lekitto lasterketan
Lea-Artibaiko bizkorrenak Marina Etxebarrieta eta Peru Robles lekeitiarrak izan dira. Sari banaketa hasi aurretik omenaldi berezi bat egin diote Miren Agur Meabe idazleari.
Bigarren urtez Yasshine Bih Bih bilbotarrak irabazi du Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketa gizonezkoetan. 2019an lehiatu zen IV. lasterketan ere garaipena eskuratu zuen, eta gaur [irailak 25] lehiatu den V. lasterketa ere nagusitasun osoagaz irabazi du bilbotarrak. Lasterketaren 16 kilometroak osatzeko 51 minutu eta 43 segundo behar izan ditu oraingoan; 50 minutu eta 22 segundotan osatu zuen lasterketa 2019 urtean.
Bata bestearen atzetik ailegatu dira Lekeitiora Mohamed Er-Rachdi bigarren geratu den bilbotarra (53.06) eta hirugarren egin duen Ezkioko Mikel Fernandez Atxa (53.13) .
Emakumezkoetan Miriam Martinez bilbotarrak ordubete, 6 minutu eta 50 segundoko denboran amaitu du Ondarroako Itsasaurre plazatik irten eta kostaldeko errepidetik zehar Lekeitioko Independentzia plazarainoko tartea. Lekeitiarrak izan dira bigarrena eta hirugarrena. Marina Etxebarrieta irabazlearengandik minutu gutxi batzuetara helmugaratu da (1.09.45) eta hirugarren postua Jule Arkotxak eskuratu du (1.13.56).
Lea-Artibai eskualdeko lehenengo hirurek ere eraman dute saria. Emakumezkoetan, Marina Etxebarrieta eta Jule Arkotxa lekeitiarrek eta Nahia Ibarzabal markina-xemeindarrak (1.17.16). Gizonezkoetan, berriz, Peru Robles lekeitiarra (0.54.53), Antton Belaustegi lekeitiarra (0.56.02) eta Jonan Bilbao markina-xemeindarra (0.57.09) izan dira eskualdeko lehenengo hiru korrikalariak.
Sariak egon dira baita ere, lehenengo herri berdineko lehen lau neskentzat eta lehen lau mutilentzat. Mutiletan Lekeitiok eraman du saria (Peru Robles, Antton Belaustegi, Aner Larreategi eta Koldo Iturraspe), nesketan, berriz, Markina-Xemein nagusitu da (Nahia Ibarzabal, Irati Agirregomezkorta, Beronika Noya, Lide Azkue).
Omenaldia. Sari banaketagaz hasi aurretik Tximista Atletismo taldeak omenaldi berezi bat egin dio Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrari. Meabek aste honetan Espainiako Poesia Saria irabazi du Nola gorde errautsak kolkoan liburuagatik: “Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da, eta zorionak eman nahi diogu”. Bidatz Castro Tximista atletismo taldeko lehendakariak eman dio oparia Meaberi, eta “ni ez nauzue ikusiko aringa-aringa, gutxiago kirol jantziekin, baina banaiz Tximistako bazkidea antzinatik. Gora gure kirolariak” esanez eskertu du errekonozimendua idazleak. Bera izan da gainera, lasterketako lehen emakumeari saria eman diona.
Parte hartze kopuru handia egon da aurten ere Lekeitioko Tximista atletismo taldeak antolatutako proban. Guztira, 238 korrikalarik eman dute izena, horietatik 29 emakumezkoak izan dira eta 209 gizonezkoak.