Herri txikietako mediku kontsultak zabalduko dituzte, "ordutegi murritzagoagaz"
Mario Lopez Lekeitioko osasun etxeko arduradunak albistea baieztatu die Mendexa eta Amorotoko alkateei. Lopezek bi herrietako alkateei esan die medikuak lehengo egun berdinetan emango duela zerbitzua herri txikietan, baina haren ordutegia "murritzagoa" izango dela.
Herri txikietako mediku kontsultak berriro irekitzeko eskaerak erantzuna edukiko duela dirudi. Herritarrek jakin dutenez, bihar [irailak 28] 08:00etan medikua edukiko dute Mendexako osasun zentroan eta eguaztenean Amoroton.
Pozez hartu dute albistea herri txikietako bizilagunek, baina baita ere zuhurtziagaz. Izan ere, hasiera batean ez dute albistearen berri eduki iturri ofizialen bidez. Gerora, baina, Mario Lopez Lekeitioko osasun etxeko arduradunak albistea baieztatu die Mendexa eta Amorotoko alkateei. Lopezek esan dienez, ordezko mediku bat bidaliko dute herri txikietako kontsultetara; medikuak Ruth izena daukala ere jakin du HITZAk. Eta nahiz eta herri bakoitzean lehengo egunetan egongo den, medikuaren ordutegia murritzagoa izango dela aurreratu die. “Mediku berdinak Lekeition ere egon behar duelako edukiko du ordutegi murritzagoa”. Hala, Mendexan martitzenetan eta eguenetan egongo da medikua, eta Amoroton astelehenetan, eguaztenetan eta barikuetan egongo da medikua. “Goiz erdi egongo da Amoroton eta Mendexan, eta beste erdia Lekeition egongo da”. Horren aurrean, herritarrek esan dute aurreapausoa bada ere, ez daudela lehengo baldintzetan.
Maiatzaren 17tik egon dira mediku zerbitzu barik herri txikietan, eta hainbat protesta egin dituzte hori aldarrikatzeko. “Egoera luzatu ahala gero eta tamalgarriagoa zen, eta, beraz, oso pozik gaude”.
Herri txikietan mediku zerbitzua ematen zuen beharginaren lanpostua utzik zegoen, eta joan den astean Osakidetzak lanpostu hori betetzeko deialdia zabaldu zuela azaldu dute. “Modu horretan hartu dute lanpostu hori”.
Eskerrak ere eman nahi izan dizkiete arazo horren aurrean laguntza edo elkartasuna eskaini dieten herritar, mediku, administrazioko langile eta komunikabideei. “Zarata ateratzeak zer edo zertarako balio izan du. Argi daukagu bestela plaza hori desagertu egingo zela”.
Zapatuko mobilizazioa. Egoera hain zen muturrekoa ze, herri txikietako bizilagunek hainbat protesta egin izan dituztela azken hilabeteetan. Azkena, hain justu, zapatuan [irailak 25] egin zuten. Lekeition egin zuten manifestazioa, eta horretan ehunka herritar batu ziren. Eta egin dituzten protesta guztietan behin eta berriro errepikatu dute ez direla bigarren mailako herritarrak eta euren herrietan mediku kontsulta berriro eduki arte kalean jarraituko dutela esan izan dute.
ZAPATUKO MOBILIZAZIOKO ARGAZKI GALERIA: