1912ko galarrenari buruz ariko dira asteon 'Cuarto Milenio' saioan
Galarrena hartatik bizirik atera zen marinel bakarra izan zen Juan Daniel Eskurza lekeitiarra. Haren oinordekoek lagunduta, duela 109 urte gertatutakoa errepasatuko dute, datu, dokumentu eta irudiak erreskatatuz. Domekan [urriak 3] 22:54ean hasiko da saioa.
Cuatro telebista kateko saioak Juan Daniel Eskurza lekeitiarrak 1912. urtean bizi izandakoa kontatuko du domekako [urriak 3] saioan; emanaldia 22:54ean hasiko da. 1912ko abuztuaren 12 gauean gertatutako galarrenari biziraun eta Eskurza hainbat egunez egon zen itsasoan, hondoratutako bi txalupen mastekin egindako gurutze bati helduta. Matxitxakotik ia Miarritzera arte eraman zuen korronteak (60 milia inguru). Eskurzaren oinordekoen testigantzatik abiatuta, 18 eta 30 urte bitarteko 143 marinelen heriotza suposatu zuen XX. mendeko itsas hondamendi handiena errepasatuko dute.
1912an gertatutakoa. Bermeo, Lekeitio, Ondarroa eta inguruko beste herri askotako marinelak hegaluzea arrantzatzen ari ziren itsasoan. Denboraldi txarra zeramaten, baina abuztuko lehen astean harrapaketak gehitu egin zirela eta, marinelek eguneko azken argi izpiak aprobetxatu nahi izan zituzten, eta normalean baino beranduago porturatzeko erabakia hartu zuten.
Abuztuaren 12an bero handia egin zuen itsasoan, eta Kantauri itsasoa bare-bare zegoen. Lasaitasun horrek arreta deitzen zuela diote. Orduko hartan, baina, arrantzaleek ez zituzten eguraldia iragartzeko gailuak, eta inork ez zuen imajinatzen gauean gertatuko zena.
Egun osoan bero handia egin arren, gauean tenperatura nabarmen jaitsi zen. Aldaketa horrek eraginda, itsasoa zakartu egin zen; 20 minututan hamar gradu inguru jaitsi ziren. Hezetasuna gehitu zen eta hamar metrora arteko olatuak sortu ziren. Galarrenak txalupak irauli zituen, eta marinelak uretara erori ziren. Iluntasunean, nekatuta, desorientatuta eta olatuak nondik zetozen jakin gabe aurkitu ziren.
Mariasun Eskurza, bere ahizpa Aurora eta haren seme Joseba Salinas lekeitiarrek ondo asko dakite gau hartan gertatutakoa. Izan ere, galarrena hartatik bizirik atera zen marinel bakarraren oinordekoak dira, Juan Daniel Eskurzaren oinordekoak hain zuzen ere. Ez ziren hura ezagutzera heldu, baina hark bizi izandakoa barru-barruan daramate.
Haien hitzetan, Eskurzari gaua luze joan zitzaion. “Hondoratu ziren txalupen bi masta hartu eta gurutze bat egin zuen. Beste marinelei berak egindako gurutzeari heltzeko esan zien, baina gutxinaka-gutxinaka, bakarrik geratu zen, beste marinel guztiak ito egin ziren eta”.
Eskurza Donostiako ospitale batean errekuperatu zen. Eta ondo ipini eta gero, Alfonso XIII.ak Aieteko jauregian harrera egin zion. Erregea marinelagaz erretratatu zen, eta Kun-Tuzin izeneko bere ontziko patroi izendatu zuen.
Mariasunek uste du fedea, itxaropena eta ausardia izan zirela bere birraitona bizirik geratzeko gakoak. Eta Eskurzak berak kontatu zuenez, kaioen odola edan zuen bizirauteko; kaioak berak egindako egurrezko gurutzean jartzen ziren, berari hozka egiteko, eta orduan berak hozka egiten zien.
Noraezean, 72 ordu pasatu zirenean Antiguako Amari otoitz egiten hasi zen. “Hozka egiten zioten kaioek erreskatatu zuten. Izan ere, haien ateratzen zuten soinuari esker Mamelena 13 arraste ontziak erreskatatu zuen marinel lekeitiarra”.
Eskurza Donostiako ospitale batean errekuperatu zen. Eta ondo ipini eta gero, Alfonso XIII.ak Aieteko jauregian harrera egin zion. Erregea marinelagaz erretratatu zen, eta Kun-Tuzin izeneko bere ontziko patroi izendatu zuen. Lekeitiarrak kargu hori bete zuen borboiak Espainia utzi eta Bigarren Errepublika ezarri zen arte.
Baina Eskurzaren patua idatzita zegoen, eta itsasoak aurretik egin ezin izan zuena egin zuen urte batzuk beranduago. 1939an, Eskurza arrantza sarea batzen ari zela, bihotzekoak jo, itsasora erori eta hil egin zen. 67 urte zituen.
Galarrenaren ondorioz hildako marinelen artean 116 bermeotarrak ziren, 16 lekeitiarrak, 8 Elantxobekoak eta 3 Ondarroakoak.
Erreportajea Bermeon, Urdaibain, Lekeition…. grabatu dute. Carlos Largo erreportariak eta Ibon Perez kazetari lekeitiarrak gidatuta, Juan Danielen iloba Mariasun Eskurzak parte hartuko du saioan, eta bere aitonak bizi izandakoa gogora ekarriko dute.