Erorien Haraneko gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak hasi dituzte
Joan den astean jaso zuten lanen hasieren berri ematen zuen jakinarazpena deshobiraketak burutzeko eskaera egin duten senideek, tartean Jose Arrieta Lejardi eta Alesander Aretxabaleta Goikoetxea markinarren senideek.
Dagoeneko hasi dira Erorien Haranean 77 pertsona hobitik ateratzeko lanak. Joan den astean izan zuten horren berri Espainiako Ondare Nazionalaren bidez deshobiraketak egiteko eskaria egin zuten familiek, tartean Jose Arrieta Lejardi eta Alesander Aretxabaleta Goikoetxea markinarren senideek.
Zain zeuden familiak. Azaldu dutenez, joan den urteko abenduan bilera bat eduki zuten Gogora institutuan eta bertan eman zieten hasi berri duten prozesu guztiaren berri. Eta azkenean jaso dute jakinarazpena. Espainiako Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkariak bertan azaltzen dietenez, Erorien Haraneko kriptetan dauden gorpuzkiak ateratzen hasi aurreko lanak egiten hasi dira. ” Orain hasi dutena lehenengo fasea da. Egiturak egonkortzen ari dira ondorengo lanak segurtasunez egin ahal izateko”. Horrela, lehenengo eta behin, kolunbarioetarako sarbideak egokituko dituzte, hala behar duten egitura arkitektonikoak ziurtatuz, eta jarraian, forentseak esku hartuko du, gorpuak bilatu eta identifikazioak egin ahal izateko analisi genetikoak egiteko. Francisco Etxeberria forentseak zuzenduko ditu lan horiek eta hilabeteak iraungo dituzte. Azkenik, kolunbarioak egokitzeko lanak egingo dituzte, bertan lurperatutako hondakinak kontserbatzeko baldintzak eta instalazioak hobetuz.
Fernando Martinez Espainiako Memoria Demokratikoaren Estatu idazkariak esan duenez, prozesua “orain arte egin den konplexuena” da, eta “zailtasun teknikoak oso handiak” izango direla ohartarazi du. “Lekualdaketak egin eta 60 urte baino gehiagora kriptetan sartzeak ez du nahitaez bermatzen bilatzen ari diren pertsonak topatzea”.
Hala ere, itxaropentsu daudela azaldu dute senideek. “Lan horiek aurrera eramateko konpromiso bat hartuta dago, horrela adierazi digute bidali diguten idatzian. Erabaki politikoa irmoa dela eta baliabide tekniko guztiak jarriko dituztela esan digute”.