Markina-Xemeingo EH Bilduk udalbatzarrak iluntzeetan egitea proposatu du
Diotenez, osoko bilkuretan hartzen dira Markina-Xemeini eragiten dioten erabakiak, eta horiek "herritarren artean eztabaidatzea bermatu behar dela" uste dute. Egunean [irailak 30] egingo da Markina-Xemeingo Udalaren ohiko osoko bilkura 08:15ean udaletxeko osoko bilkura aretoan.
Markina-Xemeingo EH Bilduk jakitera eman duenez, hemendik aurrera osoko bilkurak 08:15ean egiteko proposamena helarazi zien Udal gobernuak orain dela gutxi. Baina batzarrak iluntzeetan egitea “askoz egokiagoa” dela ikusten dute: “Osoko bilkuretan hartzen dira Markina-Xemeini eragiten dioten erabakiak, eta horiek herritarren artean eztabaidatzea bermatu behar dela deritzogu”.
Udal Gobernuak jakinarazi dienez, hemendik aurrerako saioak Internet bidez emango dituzte, eta erabaki horrek poztu egin ditu hori ere “herritarren parte hartzea areagotzeko tresna aproposa dela ikusten dute-eta. “Baina, gogoratu behar da agintaldi hasieran ere zuzeneko transmisioa hasi arren, bat-batean bertan behera utzi zela”. Horrez gain, sarera zabaldu arren, osoko bilkurak goizeko lehen orduan izanda, ez dute espero “jendearen partaidetza askorik handitzerik”.
Osoko bilkura. Egunean [irailak 30] egingo da Markina-Xemeingo Udalaren ohiko osoko bilkura 08:15ean udaletxeko osoko bilkura aretoan. Aretoaren edukiera muga dela eta bertaratu nahi dutenek aurretiaz izena ematea komeni dela azaldu du udalak. Horretarako, mezu bat bidali behar da komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera. Bestalde, udalaren Youtubeko kanalean jarraitu ahalko da osoko bilkura zuzenean. Ondorengoak dira landuko dituzten gaiak:
- Aurreko bilerako akta onartzea.
- 2021 urteko 19. 20. eta 21. kreditu aldaketak.
- Entitate berriaren bitartez eskualdeko garapena gauzatzea.
- Alkatea kanpoan dagoen bitartean Lea-Artibai Amankomunazgoko ordezkaria izendatzea.
- 2022 urterako ordenantza fiskalak.
- Zinegotzien galderak.