Orain arteko jendetsuenetakoa izan da Artedrama
Egunero batezbeste 150 ikusle elkartu dira Aulestiko frontoian. 2022ko Artedrama Pazko Astean egingo dutela iragarri dute.
Jendetsua izan da aurtengo ADEL. Ediziorik jendetsuenetakoa. Eta gozatua hartu dute parte hartzaileek, aktore zein ikastaroetako ikasleek eta irakasleek, antolatzaileek eta, zelan ez, ikusleek. Sormena hartu eta eman egin behar da, eta hamaseigarren urtez hori zintzo bete dute Artedramaren bidelagun zaharrek zein berriek.
Ander Lipus Artedramaren kideak gogora ekarri du urtero urtero erantzun ona izaten dutela. “Zorionez, aurtengoa ere oso ondo atera da. Dena oso ondo joan da. Hamaseigarren edizioa izan da, erraz esaten da, baina badira jada batzuk”.
Berrikuntza nabarmena izan du aurtengo topaketak eedo laborategiak: emanaldi denak frontoian egin dituzte, eta “jende asko” ibili da. Egunean batezbeste 150 bat ikusle eduki dituzte: “Uste dut inoiz baino jende gehiago ibili dela egunero. Kontuan hartu behar da ez zirela Pazko Asteko egunak, lanegunak ziren, eta hala ere, jende kopuru polita ibili da frontoian. Horrekin ere oso pozik gaude. Astearte batean 150 pertsona egotea 21:00etan kristoren arrakasta da euskal teatroarentzat”. Beraz, balorazio “oso positiboa” egin dute.
Irailaren 20tik 25era sei emanaldi hauek eskaini dituzte frontoian: Amua (Axut kolektiboa), Antigone (Horman Poster), Lurrun Minez (Mauma Kolektiboa), Iluntzen (Mairu), Porno VS. Afrodita (Benetan Be Teatroa) eta Atzerrian Lurra Garratz (Huts Teatroa eta Artedrama).
Ander Lipus: “Uste dut inoiz baino jende gehiago ibili dela egunero, eta dena oso ondo atera da”
Erreleboa hartzeko harrobia. Sortutakoa erakusteko ez ezik, ikasteko, sortzeko, sormena lantzeko ere bada Artedrama. Eta zeregin horretan aritu dira Lea Espazioan ikastaro trinkoak jaso dituzten hamalau ikasleak. Lipus izan da irakasleetako bat, eta talde “oso bikaina” eduki dutela azpimarratu du: “Ikasleak oso gustura egon dira ekarri ditugun proposamenekin, hau da, irakasleek eman dituzten ikastaroekin. Ikusi dute zein betea den egiten dugun programa, eta oso intentsoa dela. Horrez gain, ikusten dute irakasleek gero euren antzerki lanak ematen dituztela, eta euren proposamenak ikustea oso interesgarria egin zaie. Jende oso gaztea izatea oso pozgarria da, badagoelako harrobia, Dantzertin eta Madrilen ikasten dabiltzan gazteak dira. Erreleboa badatorrela ikusteak poza ematen du, antzerkia ikasteko gogoz jendea badagoela ikusteak. Hori deskubritzea polita izan da”.
Ikasleak eta irakasleak mundu berrietan zehar murgildu dira, eraiki eta deseraiki egin dute, joko eszenikoa bere egin dute, eta sorkuntza eta nortasuna lantzean, maitasuna ekintzetan adierazi dute.
Bestalde, urtez urte Artedrama posible egiten dutenen babesa eta laguntza nabarmendu du Lipusek, Aulestiko Udalagaz lankidetzan eta herritarren laguntzagaz egiten baitute. “Urtero herritarren inplikazioa handia izaten da: Lea Espazioa daukagu ikastaroetarako, Ilunzar tabernak afariak ematen dizkie taldekoei musutruk, norbanakoek etxeak uzten dizkigute gauza batzuetarako… Sekulako inplikazioa dago herritarren artean. Horrek proiektua herrikoiagoa egiten du. Herriak bere hartzen du jaialdia baita ere, eta hori eskertzekoa da. Herriarekin batera sortzen den jaialdia da; herriak asko eskertzen du, eta hori igartzen dugu. Askotan herritarrak hurbiltzen zaizkigu esatera jaialdia Aulestin izateagatik eskertuta daudela”.
“Herriak bere hartzen du jaialdia; herriagaz batera sortzen den jaialdia da”
Betiko datara buelta. Hamaseigarrena agurtuta, hamazazpigarrenari begira daude jada. Eta 2022ko Artedrama Pazko Astean egingo dutela iragarri dute. Ohiko egutegira bueltatuko dira. “Hamazazpigarrena laster izango da, sei hilabete barru, apirilean. Gogotsu gaude, hurrengora begira. Ea topaketa hauekin aurrera jarraitu ahal dugun, egoera pixka bat gehiago normalizatzen den eta Pazko Astean egiten dugun”.