Urriaren 10ean itzuliko da Lea-Artibai Klasikoa martxa zikloturista
Aurten Cikautxoren 50. urteurrenaren ekimenen barruan egingo da kirol jarduera. Gaur [irailak 29] sinatu dute lankidetza hitzarmena Cikautxoko eta Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteetako ordezkariek.
Bi urtez etenda egon ondoren, Lea-Artibaiko errepideak zeharkatuko ditu aurten, berriro ere, Lea-Artibai Klasikoa martxa zikloturistak. Urriaren 10ean izango dute hitzordua txirrindulariek Berriatuan. Aurten Cikautxoren 50. urteurrenaren ekimenen barruan egingo da kirol jarduera, eta gaur [irailak 29] arratsaldean bertan sinatu dute lankidetza hitzarmena Cikautxoko eta Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteetako ordezkariek: Jabier Principe Cikautxoko presidenteak, Alberto Alberdi Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteko kideak eta Benjamin Aranzeta Berriatuko Txirrindulari Elkarteko presidenteak. “Geure inguruagaz lotura estua dauka kooperatibak, eta kirola sustatu eta udalerriko elkarte txikiei laguntzea izan dugu helburu”, azaldu du Cikautxoko presidenteak. Bi urterako akordioa sinatu dute.
Hirugarren Lea-Artibai Klasikoa izango da aurtengoa. Lehenengoa Markina-Xemeinen egin zen eta bigarrena Ziortza-Bolibarren. Izan ere, kirol ekintza horren helburua herriz herri aldatzen joatea dela gogora ekarri dute antolatzaileek, eta, aurten Berriatua aukeratu dute martxari hasiera eta amaiera emateko.
Ibilbidea, oro har, aurreko urteetakoen antzerakoa izango dela aurreratu dute. Bi aukera egongo dira: 75 kilometroko ibilbide motza egitea edo 138 kilometroko luzea. Txirrindulariak 09:00etan irtengo dira errepidera. Cikautxo aurretik hasiko dute martxa eta Ondarroarako bidea hartuko dute. Kostaldeko bidetik Lekeitiora joango dira eta handik Oleta, Munitibar, Ziortza-Bolibar eta Iruzubietarako bideari jarraituko diote. Hor aurkituko dute lehenengo anoa gunea. Aurrerago, Markina-Xemeingo biribilgunetik hasi eta Lekoiz arte denboraz neurtutako tartea edukiko dute. Aulestira jaitsi eta handik Goierrirantz emango dituzte pedalkadak txirrindulariek Amorotora bidean. Amorototik Milloirantz abiatu beharko dira eta Plazakolatik Berriatura heldutakoan amaituko da buelta laburra.
Luzea egin nahi dutenek, ordea, Ondarroarantz abiatuko dira, baina oraingoan Mutrikuko bidea jarraituko dute, eta Mutrikuko sarreran Galdonara igoko dira, gero Pikupe partetik berriro Ondarroako bidera jaisteko. Lekeitioko bidetik Asterrikara orduko dagoen bidea hartu beharko dute ondoren, hilerriko gurutzeko bidetik, eta Asterrikara orduko edukiko dute bigarren anoa gunea. Berriro ere kostako bidera jaitsi ondoren, Lekeitiorantz abiatuko dira eta handik Ispasterrera bide zaharretik. Solaguenetik Gernika-Lumoko bidera irten eta Gardatzatik jaitsiko dira Lekeitiora eta biribilgunean Berriaturantzako bidea hartuko dute Oletatik eta Milloitik igarota.
Martxan parte hartzeko izena ematea zabalik dago Kirolprobaken webgunean. Lehen urtean 300 txirrindularik parte hartu zuten, bigarrenean 200 txirrindularik eta oraingoz 50 lagunek baino gehiagok eman dute izena aurtengo martxarako. Oraindik izena eman ez dutenek egueneko [urriak 7] 23:59 arte edukiko dute aukera horretarako.