Jubilatu elkarteen arteko elkarlana azpimarratu dute Gizaburuagan egindako topaketan
70 herritar inguru batu dira Gizaburuagako topaketan, eta orain arte modura, datozen urteetan ere elkarlana eta elkarrekiko solidaritatea oinarri hartuta bide beretik jarraitzeko gogotsu daudela esan dute.
Bizkaiko Nagusiak elkarteak aurten 50 urte betetzen dituela eta, Lea-Artibaiko eta Ereño eta Eako jubilatu elkarteetako kideek topaketa egin dute gaur [urriak 2] Gizaburuagan. Eta nahiz eta urteurren hori ospatzeko ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten urriaren 19an, eskualdeko elkarteek ekimen berezia egin nahi izan dute gaur Gizaburuagan. Hala, elkarteek orain arte eduki duten ibilbidea errepasatzeaz gain, elkarteen arteko elkarlana eta guztiek batera jarduteak daukan garrantzia azpimarratu dute.
Talde argazkia atera ostean frontoian jarri dira parte hartzaileak. Gizaburuagako Udalari ekintza egin ahal izateko azpiegiturak jarri izana eskertu ostean, esan dute aurten baita ere 50 urte betetzen direla Lea-Artibaiko nagusien elkarteak mugitzen hasi zirela. “Urte askoan egin dugu lan, eta guztion arteko elkarlana eta solidaritatea ezinbestekoak izan dira. Bizkaitik aspaldi ikusi zuten denok batera jarduteak daukan garrantzia. Hala dihardugu gaur egun, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu”. 70 herritar inguru batu dira Gizaburuagako topaketan, eta han izan dira baita ere Koldo Goitia Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakaria, Arkaitz Goikoetxea Lea Ibarrako Mankomunazgoko lehendakaria eta Amaia Zabala Gizaburuagako alkatea.
1971. urtean sortu zen Bizkaiko Nagusiak elkartea, eta nahiz eta urte berean Lea-Artibaiko eta Busturialdeko batzuk sortzeko mugitzen hasi ziren, hurrengo urteetan sortu ziren elkarteak: 1977an Markina-Xemeingo Beti Jai elkartea sortu zen, 1979an Lekeitiokoa eta Etxebarrikoa, 1986an Berriatukoa, 1988an Aulestikoa eta Eakoa, 1991n Mendexan, Ziortza-Bolibarren eta Amoroton, 1992an Ondarroan, 1993an Ispasterren eta 1996an Munitibarren eta Ereñon. Gaineratu dute baita ere, nahiz eta Gizaburuagak nagusien elkarterik ez eduki, horiek “oso ondo zaintzen” dituztela. “Gizaburuagak ondo atenditzen ditu nagusien beharrinak. Horren eredu da topaketa bertan egin ahal izateko eduki dugun herri laguntza”.
Garai bateko kezkak edukitzen jarraitzen dutela esan dute, eta aurrera begira ere ekintzak antolatzen eta ekiten jarraitzeko gogotsu daudela agertu dute. Topaketa aprobetxatu dute azken urteetako balantzea egiteko, dituzten kezkez hitz egiteko eta aurrera begirako ekimenetaz eztabaidatzeko.