Urtero Saturraran Eguna ospatzea erabaki dute, "oroimena sortzen joateko"
'Gerra Zibila Mutrikun' ibilaldia egin da gaur [urriak 2], Santa Katalina komentutik irtenda. Ibilaldia Saturrarango kartzela zegoen lekuan amaitu da, eta han omenaldia egin diete preso egondako emakumeei eta umeei. Gertatutakoa ahanzturan ez erortzeko aldarria egin dute.
Mutrikuko Historia Jardunaldien baitan, Saturrarango kartzelan preso egondako emakume eta umeak omentzeko ekitaldia egin da gaur [urriak 2] Saturraranen, kartzela zegoen lekuan. Ekitaldia Saturraran Elkartea, Memoria Historikoa taldeak antolatuta egon da, eta esan dute aurrerantzean Saturraran Eguna ospatuko dela urtero, bertan preso egondako emakume eta umeen omenez, “oroimena sortzen joateko”.
Arantza Ugarte elkarteko kideak gertatutakoa ahanztura ez erortzeko aldarria egin du. “Emakume gogorrak izan ziren, indartsuak. Pasatutako sufrimendu guztia pasatu eta gero jakin zuten bizimodu berri bati ekiten, familiari eusten, familia berriak sortzen eta pasatako guztia oroimenean gordetzen eta guri kontatzen. Hori guztia egin zutelako, eskerrik asko Saturraranen preso egon eta guri oroimenean txertatzeko adierazpenak utzi dizkiguten guztiei. Beste emakume preso eta ume guztiei ere gure errespetua eta maitasuna. Gure oroimenean lekutxo bat egingo diegu”.
Baina Saturrarango kartzela zegoen lekuan egindako omenaldia eguneko azken ekintza baino ez da izan. Izan ere, taldeko kideek gidatuta, herritarrek Santa Katalina komentuan hasi den Gerra Zibila Mutrikun ibilaldia egin dute aurretik. Esan dutenez, ibilbidea “oso ondo” egon da, eta “informazio interesgarri asko” jaso dutela gaineratu dute.
Ekitaldia aprobetxatu dute baita ere esateko kartzelan preso egondako ume guztien izenen zerrendarik ez dagoela. “Saturraranera ekarritako emakumeen paperak badaude, fitxak, atzera-aurrerako paperak… baina umeak ez dira agertzen. Saturraranen egondako 109 umeren izenak jasota ditu Jabier Basterretxea Txordo mutrikuarrak, baina izen horiek guztiak Mutrikun jaio, herriko elizan bataiatu edo hil zirenenak baino ez dira”. Gaineratu du jakin badakitela askoz ere ume gehiago egin zirela, baina erregistrorik ez dutela aurkitzen. “Zenbat eta anonimoagoak izan umeak, orduan eta errazako kentzen zizkieten. Ume horiek umezurztegietara, karlisten familiei, beste ideologia bateko familiei ematen zizkieten. Beren jatorrizko gurasoen gaiztakeria azpimarratzen zieten, haien kontra jarriz eta erregimenaren aldeko bihurtuz. Umeak baino ez ziren, eta haietaz ere aprobetxatu egin ziren amei mendekua egiteko”.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Izan ere, Saturrarangoa mendekua izan zela esan dute. “Estatu kolpea erabiliz demokratikoki aukeratutako Gobernua bota zutenak agintearen jabe egin zirenean, helburu bakarra zeukaten: demokraziaren alde zeuden guztiak menderatzea eta mendekua hartzea. Eta horretarako edozerk balio zuen: disziplina, gosea, zigorrak eta kartzelak, noski”.
Ugartek kontatu du presoei egin dizkien elkarrizketa guztietan preso guztiek esan dutela kartzelan gose handia pasatu zutela. “Baina, aldi berean, denek beti agertu izan didate esker ona janaria ematera hurreratzen ziren herritarrentzako”. Eta hori esanda, Ugartek ere han bildutakoen partez esker ona helarazi nahi izan die solidario izan ziren horiei guztiei. “Eskerrik asko”.
Omenaldia aprobetxatuta, eta urtero Saturraran Eguna ospatzeko bidea hasita, Saturraranen gertatutako kontatzeko ere aprobetxatu dute taldeko kideek. Han bildutakoen aurrean, Saturrarango kartzela nola heldu zen kartzela bat izatera azaldu dute. Ekitaldia Saturraranen preso egondako emakume eta umeei eskainitako bertso bat abestuz amaitu da.
[ZUZENEAN ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Historia. Orain ez badirudi ere, 1938tik 1944ra bitartean Saturraranen eraikinak zeuden, eta Saturraran baserria denaren lekuko izan da; XIX. mendetik zegoen baserria, eta eremu horretako lehendabiziko eraikinak baserria eta errota izan ziren. Gero, baina, Elgoibarko kontratista bati bururatu zitzaion Saturraranen hotel handi bat egin behar zuela. Eta bainuetxea egin zuen. Europako aberats guztiak joaten ziren hara. Bien bitartean, etxe berriak egiten joan ziren (Casa Palomar, Buenavista hotela…). Inguru guztia konplexu turistiko garrantzitsua izan zen XIX. mende amaieran eta XX. mendearen hasieran. Turismoak ere modak ditu eta Saturraranek ere eduki zuen bere momentua.
Moda pasa zen, eta dena goitik behera joan zen. Bainuetxearen azken jabeak erabaki zuen eraikina dohaintzan ematea. Gasteizko obispoari eman zion. Eta harek udako seminario bihurtu zuen, seminaristak, udan, opor gehiegirekin ez zitezen ‘desbideratu’. Poliki-poliki, beste eraikinak erosten ere joan zen. Hotelak ziren, baina udatiarrik ez bazegoen, zertarako hotelak? Eta horrela seminario handi egin zuen, urte guztian funtzionatuko zuen seminarioa.
1936an ere seminaristak Saturraranen zeuden, eta 36ko gerra heldu zen. Eta Saturraranen zeuden baita ere Arabatik etorritako seminarista udatiarrak. Joxe Migel Barandiaran Itziarren zegoen. Hari deitu zioten eta seminaristak euren etxera eramateko esan zioten. Barandiaranek Arrasateko Santa Agedara eraman zituen eta han utzi zituen.
“1938ko urtarrilaren 3an lehenengo presoak sartu zituzten Saturraranen. Brigida Saldias Carrera izan zen horietako bat. 200 pertsonentzako prestatutako eraikinean ia 1.600 pertsona edukitzera heldu ziren”
Frentea gerturatzen zetorren, eta halako batean heldu zen. Eta orduan Saturrarango eraikinak tropen egonleku bilakatu ziren. Handik pasatu ziren errepublikarrak, anarkistak, nazionalistak… Ondoren, berehala, frankistak, reketeak, karlistak, falangistak… etorri ziren. Baina azken horiek denbora asko egin zuten, 1927ko udaberrirarte, Bilborako bidean jarraitu zuten arte. Eta Franco han zihoan, lekua hartzen, gero eta aurreago, gero eta herri gehiago. Francok, harrapatzen zituen eremu guztietan bere alde ez zeudenak guztiak edozein aitzaki txikirengatik kartzela bidaltzen zituen. Eta hala kartzelak betetzen joan ziren, eta kartzela gehiago behar zituzten. Eta Saturrarango eraikina aprobetxatu zuten. 1937ko abenduaren 29an di-da batean legea atera eta 1938ko urtarrilaren 3an lehenengo presoak hemen zeuden.
Brigida Saldias Carrera andoaindarra izan zen lehendabizikoetako presoa. Aurretik Donostian zeukaten, eta Saturraranera lekualdatu zuten. 46 urte zituen, eta alarguna zen, etxekoandrea. 1937ko urtarrilaren 8an atxilotu eta ekainean epaitu egin zuten. 12 urteko kartzela zigorra ezarri zioten bere idea errepublikarrak publikoki agertzeagatik. Adierazpen askatasuna erabili zuelako. 1941ean atzera zuten kartzelatik, baina ez zuten bere etxera bidali. Asturiasera erbesteratu zuten. Baina han ere ez zen aske. Beti atzetik jarraitzen zioten: Junta de Libertad Vigilada. Espioi asko zegoen, eta talde harek ondo funtzionatzen zuen. Sinatzera aurkeztu behar izaten zen. Beraz, askatasuna bai, baina mugatutakoa.
“Estatu kolpea erabiliz demokratikoki aukeratutako Gobernua bota zutenak agintearen jabe egin zirenean, helburu bakarra zeukaten: demokraziaren alde zeuden guztiak menderatzea eta mendekua hartzea”
Beste emakume bat Jacinta Yañez Benitez izan zen, Mutrikuko Virginia gozo dendako jabearen ama. Zalameakoa zen (Badajoz, Espainia) eta 59 urterekin sartu zuten kartzelan, Badajozen. Ezkertiarra zen, eta milizianoentzako arropak josten zituelako 20 urteko kartzela zigorra jarri zioten. Saturraranera ekarri zuten, eta 60 urte zituenean atera eta Zalamea eraman zuten. Baina hamahiru urte beranduago Jacinta Eibarrera itzuli zen. Baina Eibarren Junta de Libertad Vigilada ezarri zioten, eta hilero sinatzera aurkeztu behar izaten zuen. 70 urte beteta, idatzi bat egin eta hilero sinatzera aurkeztu beharreko zama kentzeko eskatu zuten. Ondokoa erantzun zioten: “1959ko ekainaren 5ean betetzen da zigorra, eta ordura arte komisaldegian aurkezten jarraitu behar duzu”.
Mendekua. Ez zeukaten besterik buruan. Seminarioa 200 pertsonentzako zegoen prestatuta, baina 1940an ia 1.600 pertsona zeuden: zuzendaria, 1.500 emakume, 30 moja, kartzela zaintzen zuten soldaduak eta umeak. Inon izenak aurkitu ezin ditugun umeak. Egon ziren, baina inon ez dira agertzen. Badirudi desagertu egin zirela, baina ez. Existitu egiten dira. Mutrikun oraindik hor dago Mari Campos.
Soldaduak hainbeste denboraz eraikin horietan bizitzen egon eta gero, eraikinak apurtuta, kristalik gabe eta zikinduta zeuden. Zeuden altzariak Ondarroako falangera eraman zituzten. Beraz, Saturraren zeuden emakumeek soinean zeukaten arropa eta lurra geratzen zaizkien. Eta lurrean egoten ziren, 45 zentimetroko espazioan. Gela handietan 250 emakumetik gora egoten ziren, komun bakarrarekin. Eta disziplina gogorra zen: 07:00etan txirrina jotzen zieten jaikitzeko, dena berehala garbitu behar izaten zuten eta moja jateko zerbait ematera sartzen zenerako denak zutik eta ‘txukunduta’ egon behar zuten. Eta eskura emandako apurra jan ostean egun guztian txokoan egon behar zuten, albokoarekin hitz egin barik, inori keinurik egin barik. Mojak begira egoten ziren, eta mugimenduren bat harrapatuz ziegara eramaten zituzten.
Ziegak gaur egun Mutriku Sokatira Taldearen lokala dagoen eremuaren aurrean zeuden, azpiko aldean. Ibaia alboan dago, eta itsasoko sarrera irekita zegoen. Itsasgoran lur azpiko ziega horiek bete egiten ziren, eta itsasbeheran hustu.
Dolores Maltes aipatzen du Josefa Garcia Segrezek. Maltes abila zen poesia idazten, eta Errepublikaren aurka altxatu ziren militarrei eta erlijiosoei akatsak bilatu eta poesiak idazten zituen. Baina mojek harrapatu egin zuten, eta lur azpiko ziegara bidali zuten. Marea biziak zeuden, eta emakumea ordu erdi baino gehiago egon zen han ura gerritik gora zuela, zarataka, oihuka. Gaia latza zen, agintean zeudenen eta erlijioaren kontrako idatziak egin baitzituen. Zuzendariak, emakume hari zer zetorkion ikusita, Donostiara bidali zuen, epailearengana. Garciak bere testigantzan dio eskerrak Maltes epailearengana bidali zuten, zigorra eman zioten, baina gutxienez bizitza salbatu zuen.
“Gose handia pasarazi ziguten mojek kartzelan. Gobernuak bidaltzen zuen janaria saldu egiten zuten. Umeentzako aparteko janaria ere kendu egiten ziguten. Karitateko mojak zirela zioten, baina haiek ez zekiten zer zen karitatea”
Sagrario Merodio Hoyos. 2020an hil zen Mutrikuko San Miguel egoitzan. Bera ere ziegan sartu zuten, eta sartu zutenean hildakoen kutxak ere han zeuden. Bere burua hildakoz inguratuta ikusi zuenean, beldur handia izan zuela kontatu zuen: ‘Beldur asko eduki nuen. Hildakoen eskuak kutxetatik kanpo ikusten nituen. Zoratu egin nintzen. Zarataka eta ateari kolpeak ematen egon nintzen’. Kartzelako apaiz edo mojaren bat pasa zen ingurutik, eta zaratak entzutean, ziegatik atera zuten. Arantza Ugarte Saturraran Elkarteko kideak dio Merodios urteak atzera bizitakoa gogoratzen ari zela dardarka jartzen zela.
Carme Riera preso katalanak honela azaltzen du kartzelako disziplina: ‘Bi disziplina beldugarri izaten genituen: kartzelako arauak eta mojek jartzen zituztenak. Saturraraneko mojak bai bizi zirela ondo. Gose handia pasarazi ziguten. Gobernuak bidaltzen zuen janaria saldu egiten zuten. Umeentzako aparteko janaria ere kendu egiten ziguten. Karitateko mojak zirela zioten, baina haiek ez zekiten zer zen karitatea’. Riera bere alabatxoarekin eraman zuten Saturraranera; 1940ko abuztuaren 7an hil zen Rieraren alabatxoa (Aurora), 10 hilabete baino ez zituela. Oso gutxi iraun zuen. Izan ere, 1940an tifusa egon zen. Ura kutsatu zen eta tifusa zabaldu zen umeen artean, presoen artean. Bi hilabetean Saturraranen 36 pertsona hil ziren. Mutrikuko hilerria betzen zihoan, eta irtenbide bat behar zuten. Eta pentsatu zuten Saturraranen hilerri bat egitea.
Ideia hark nahigabea eman zien presoei. Isabel Riosek honela esan zuen: ‘Ni muertas vamos a salir de aqui’. Etsipenak jota, Riosek ere tifusa harrapatu zuen. Eta beldur zen hilko ote zen eta Saturraranen lurpean sartuko omen zuten. Baina tifusa gainditu zen, eta Saturraranen ez zen hilerririk egin.
Asun Rodriguezek dio bere semea Oviedoko (Espainia) kartzelan jaio zela. Eta esan ziotenean Saturrarango kartzelara joan behar zuela, hark erabaki zuen umea bere amarekin uztea, bazekielako berarekin Saturraranen baino hobeto egongo zela. Eta kartzelatik atera zenean eta Deban finkatu zenean ekarri zuen bere semea.
Saturrarango kartzelan pasatutakoa ahaztu gabe eta bizitza berriari leku eginda gure ondoan izan ditugun emakume eta haur haien ondorengoak hemen daude, eta Mutrikun gelditutako izen batzuk aipatu dituzte: Jacitan Yañez Benitez, Manuela Bizarro Yañez, Micaela Granados Sanchez, Victoria Hernandez Cotillo, Isabel Clemente Casado, Juana Roldan del Pozo, Sagrario Merodio Hoyos, Carmina Merodio Hoyos, Asun Rodriguez del Pulgar, Raul Blanco Herrera eta Mari Campos Roldan.