Viewing Room 360º, Aintzane, Zurrumurru eta Hiruclick saritu dituzte Enpresa Proiektu Lehiaketan
Ander eta Miren Pastorrek (Viewing Room 360º) Negozio Ideia Berritzaileen Saria eskuratu dute, Aintzane Ibazetak (Aintzane ile apaindegia) eta Goreti Serranok (Zurrumurru) Negozio Ideia Onenaren Saria jaso dute eta Lander Muruagak eta Arantza Martinezek (Hiruclick kooperatiba) Proiektu Onenaren Saria.
Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna ospatu da gaur [urriak 2] Markina-Xemeinen. Horren baitan, ekintzaileen ahalegina saritzea helburu duen XIV. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sari banaketa egin da. Ander eta Miren Pastor lekeitiarrek (Viewing Room 360º) Negozio Ideia Berritzaileenaren Saria eskuratu dute (2.000 euro), Aintzane Ibazeta markina-xemeindarrak (Aintzane ile apaindegia) eta Goreti Serrano ondarrutarrak (Zurrumurru liburudenda) Negozio Ideia Onenaren sariak lortu dituzte (1.500 euro) eta Lander Muruaga markina-xemeindarrak eta Arantza Martinez bartzelonarrak kooperatiba izaera juridikoa duten enpresek aurkeztutako Proiektu Onenaren Saria jaso dute (2.000 euro).
Urtero legez, lehiaketa Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentzia-Behargintza enplegu eta tokiko garapenerako zentroak antolatuta egon da, eta esan dutenez, 42 proiektuk parte hartu dute. “Pandemia dela-eta iazko lehiaketa bertan behera utzi behar izan zen. Beraz, aurtengo lehiaketan 2019tik martxan jarritako negozioek parte hartu ahal izan dute”.
Azaldu dute sari ekonomikoaz gain, irabazleek beste abantaila batzuk ere edukiko dituztela: “Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen enpresa-haztegian kokatzeko erraztasunak edukitzeaz gain, erakunde antolatzaileek kudeatzen dituzten programa ezberdinetan parte hatzeko aukera ere edukiko dute. Gainera, enpresa martxan jarri bitartean eta ondorengo urteetan aholkularitza eta laguntza jasoko dituzte”.
- VIEWING ROOM 360º : Kultura jarduerak digitalizatzeko plataforma birtualen garapen pertsonalizatua. Hala nola arte, liburu eta zinema azokak.
- HIRUCLICK KOOPERATIBA: Enpresei eraldaketa digitalean laguntzeko zerbitzuak eskaintzen dizkie: produktu eta zerbitzu digitalen diseinua (web, aplikazioak, ux…) eta Blockchain, Bitcoin, Kriptomonetak, NFT… aholkularitza.
Antolatzaileek esan dutenez, orain arte egindako lehiaketetan 250 proiektuk parte hartu dute. “Urte horietan guztietan 42 proiektu saritu eta 85.000 euro banatu dira”.
Sari banaketa egin aurretik, Enpresa Berrien azoka egin dute Plazabarripean, eta horretan bost ekintzailek parte hartu dute: Aitziber Torre psikoterapia zerbitzua (Ispaster), Zurrumurru liburudenda (Ondarroa), Amadou artisautza (Ziortza-Bolibar), Pastor Viewing Room 360 (Lekeitio-Madril) eta Amaia Retolaza irudi coach-a (Lekeitio). Bestalde, umeentzako tailerrak ere egon dira.